Jonjo Agirre

Euskara bost axola EITB-ri… (eta guri?)

Garaiera handian eginiko reality «gogorra» estreinatuko omen du ETB2k (estreinaldiak ETB2n batez ere, eta errepikaldiak, batez ere ETB1en izan ohi dira). ‘Objetivo Chimborazo’-n, Hego Euskal Herriko talde bat eta Espainiako hiru lehiatuko dira. FORTA Telebista Autonomikoen Federazioarentzat ekoitzi dute saioa. Ez bila Iparraldeko euskaldunik, katalanik edo galegorik. Andaluziakoak, Aragoikoak eta Gaztelakoak dira beste hiru talde lehiakideak. ¡Arriba-arriba! Hain gara «nasío» foral kosmopolitta…

Radio Euskadi entzutea ere, ariketa gero eta gogorragoa gertatzen da espainiar sentimendurik ez duen edonorentzat. «Este país» (Espainia) gora eta behera aritzen zaizkizun esatari eta laguntzaileak ez dira falta, edota euskararen «exijentziak» Euskal Herriko gazteen artean migrazioa areagotzea eragin ote dueneko kezka agertzen duen profesionalik ere (MQP saioko esataria bera).

‘Tú al norte, yo al sur’ saio xelebreak ere, ez zien Iparraldeko neba-arrebei so egiten, ez horixe.
Hori baino «zabalagoak» izaki, Andaluziarrekin harremanak sendotzera begira egindako saioa zen, hango Canal Sur telebistarekin elkarlanean. Nazio foralaren oinarriak zein diren erakusten ari zaizkigu egunez egun.

Euskarazko telebista publiko bakarraren reality-a are tristeagoa da. Urte luzetako gainbeheraren ondotik, %2ko ikusleria ez du gainditzen. Eta ez da harritzekoa, programazio erabat gorabeheratsua eskaintzen baitu, etxeko produktu duinekin batera, beste edozer eskaintzeko gauza dira ETB1eko arduradunak: erdarazko habanera lehiaketak, rancherak, edota euskaraz azpi titulatutako erdal saioetatik hasi, Lasturko erromeriarekin segi edo saloi-dantza eta kulturismo saioekin jarraituz, kamara ezkutu mutuekin bukatzeko… Igande goizetako ‘Egi bidean’ eta meza santua ahaztu barik. Bitxia da erdarazko katean ez dutela errito erligiosorik eskaintzen… Soilik euskal hiztunon salbazioa dute buruan, ala? Gaixo erdaldunak…

Hain ikusleria datu urriak lortzen dituen hedabide batek aldaketa sakonak ezarri beharko lituzke, gutxien-gutxienik. Baina, Eneko Olasagastik oraintsu salatu bezala, «badirudi ez garela kontziente guztion diruarekin mantentzen den hedabidea dela… Edota konsziente bagara, berdin zaigula».

Edota ez gara konturatzen euskarazko telebista publiko sendo eta kalitatezkoa ezinbestekoa dela euskarak etorkizunik izango badu, telebistak jarraitzen baitu izaten herritarrok gehien erabiltzen dugun hedabidea, egunero-egunero hiru orduz gora kontsumitzen duguna bataz beste, interneten eta irratiaren gainetik, eta paperezko hedabideen oso gainetik.

Erdarazko askotariko hedabideen eraginak eta euskarazkoen urritasunak ez ditu kezkatzen ikastetxeetako eta euskaltegietako irakasle eta arduradunak?

Eta euskarazko zerbitzua bermatu behar luketen erakunde publikoetakoak?

Nola ikasiko dute euskara ganoraz ikasleek nahiz langile publikoek, erdara hutsez (edo ia) elikatzen badira?

Eta galdera da: ez gara konturatzen… edo bost axola zaigu?

Bilatu