Edurne Agirre eta Imanol Arruabarrena | Osakidetzako LAB

Euskararen normalizazioa etorkizuneko inbertsioa da

Aste  honetan egunkari batean irakurri ahal izan dugu honako «albistea»: Osakidetzak euskara ikasten ari diren langileak ordezkatzeko zazpi miloi «gastatu» omen ditu azken hiru urteetan. «Gastua» omen da. Aldiz, egunkari berdinean irakurri izan dugu Espainiako Gobernuak 978 miloi «inbertitu» dituela Abiadura Handiko Trena eraikitzeko. Bistan da hitz bakoitzaren atzean dagoen mezu ezkutua. Euskararen kasuan, dirua xahutu, galdu, egin da, onurarik ez omen dakarren kapritxo batean. Abiadura Handiko Trenaren kasuan, aldiz, jarritako diruzarra ondo jarria dago eta diru-jartzailearen borondate onaren erakusgarri da.

Merezi du gogoratzeak, hamaikagarren aldiz, euskal herritarrok herri honetako berezko hizkuntza den euskara ikasi eta hizkuntza horretan normaltasunez bizi ahal izatea posible egiteko bideratzen diren bitartekoak inbertsio beharrezko eta emankorrak eta eraginkorrak direla. Are gehiago, euskal administrazio publikoan euskararen egoera normalizatzeko, administrazioaren lan zein komunikazio hizkuntza bilakatzeko, bertako langileok euskaraz naturaltasunez lan egiteko eta herritarrei zerbitzua emateko bitartekoak ezinbesteko inbertsio dira.

Euskara bigarren mailakoa da administrazioan eta bestelako inbertsioak beharrezkoak izan ez daitezen, lan mundua euskalduntzeko egin daitekeen inbertsiorik eraginkorrena euskara normalizatzea da. Hortaz, arazoaren muinera jo behar:

- Derrigorrezko irakaskuntzak belaunaldi berriak euskaldundu behar ditu, euskaraz lan eta bizitzeko gaitasuna izango dutenak. Horretarako, ezinbestekoa izango da euskalduntzen duen hizkuntza eredua aplikatzea.
- Lanbide Heziketak eta Goi-Ertain mailako ikasketak euskaraz osoki egiten direla bermatu behar da, edozein espezialitate izanik ikasleak aukeratzen duena (tartean, medikuntza ikasketak).
- Bitartean, erdaraz eraiki diren instituzio, erakunde zein zerbitzuak euskalduntzeko inbertsioak egitea ezinbestea izango da, baita langileak ere, baina zerbitzuaren euskalduntzea langileetara mugatu gabe.

Azkenik, esan beharra dago, betikoen erasoen gainetik, Osakidetzako langileon euskalduntzea lortzeari begira egiten diren inbertsioak ez direla, urrutitik ere, behar adinakoak. Euskararen normalizazioan benetako inbertsioa egiteko garaia da.

Bilatu