Galeusca Mediateka Bermeon
Edorta Jimenez Ormaetxea
2017/04/21

XX. mendearen lehenengo urteetan berpizkunde giroa bizi izan zen Katalunian, Galizian eta Euskal Herrian. Espainiako Erresuma herrien kartzela zela eta herriok bat egin beharra zeukatela aldarrikatzeko hiruretako ordezkari politikoek Galeuzca (Galizia, Euzkadi, Catalunya) izenekoa sortu zuten.

Politikaren arloko Galeuzka haren haizea alde, idazleen eta kulturako jendeen artean beren alorretako antzeko batasunak lantzeko asmoa agertu zen. 1936ko gudak zapuztu zuen asmoa izan zen. Erbestean, Galeuzka politikoari eutsi ahal izan zitzaion, hala edo zelan. Kulturaren arlokoaren asmoa bertan behera geratu zen.

Frankoren heriotzaren ostean guda aurreko asmoetako batzuk berriro piztu ziren. Tartean literaturaren arloko Galeusca (Euzkadi haren ordez Euskadi idatzita) eratzekoa. Hiru hizkuntzetako idazle-elkarteek, hirurak sortu berriak, asmo hori egia bihurtu zuten. Harrez gero urtero biltzen da idazleen Galeusca. Hiru urterik behin euskararen eremuren batean izaten da eta, halaxe, 2000. urtean Lekeition bildu zen. Lekeitioko hartan Galeusca Bermeora ere etorri zen. Udal agintaritzak eta alderdien ordezkariek udaletxean hartu gintuzten hiru hizkuntzetako idazleak.

Handik zenbait urtera gogoangarri izan zen Galeusca hartan hartutako irudiak erabili genituen, besteak beste, "Gogoa zubi" dokumentala ekoizteko. Dokumentala bariku honetan izango duzue ikusgai Bermeoko Kabidxe gunean. Ordu erdi batez lerrootan laburtzen ari naizenaren historia osoagoa azaltzen da.

Barikuan bertan, eta dokumentalaren harira, Kabidxe gunean Bermeoko Galeusca Mediateka aurkeztuko dugu. Mediatekan, funtsean, hiru hizkuntzetako eta hiru nazioetako kultura, literatura, ikus-entzutezkoak eta hedabideak bildu gura ditugu, guztion eskura egon daitezen. Literaturaren arloan hiru hizkuntzen arteko itzulpenei eman nahi diegu garrantzia, honez gero herrian badagoen eta nire ustez ereduzkoa den udal-liburutegiari lehia egin barik beti ere.

Mediateka auzolanean euskarritu eta auzotarren ekarpenez osatuko da. Argitaletxeetara, hedabideetara eta idazle eta kulturgileengana jotzen ari gara, doaneko ekarpenak egin ditzaten. Herritarroi hori berori eskatzen dizuegu. Eredu izan nahi dugu, eta gure aldarria zabaldu. Galeusca! Batik bat Katalunia bere independentzia politikorako bidea urratsen ari den honetan. Ze, zer dakigu guk Katalan Herriez, hangoetako literaturez, zinemagintzaz, musikez, kantagintzaz eta abarrez? Eta Galiziakoaz? Tamalez gure inguruetan ez da horietarik ia ezer programatzen. Zer esanik ez, ez dago eskaini gura dugun mediateka honen parekorik. Bada, Bermeoko hau nazio mailakoa izatea gura genuke.

Xume-xume hasteko asmoa dugu. Oztopoen gainetik bidean aurrera egiteko gogoa dugu zubi. Hiru hizkuntza elkarren hain ezberdin eta hiru nazio bakoitza penintsulako mutur batean direnak batzeko zubi handiak behar direlako. Etorri ere "Gogoa zubi" dokumentalaren titulua ideia horrexetatik dator. Galeusca, azkenik, hiru herriok kateaturik gauzkan estatuari –estutuegi, Kataluniaren kasuan eta gurean– gure arteko batasuna bilatuz aurre egin behar diogula dioskun aspaldiko kontzientziatik dator. Zubiak eraikitzeko gogorik baduzu, barikuan Kabidxe gunean. Iluntzean.

Artikuluak
Aniceto Morales Horrillo
2017/12/14
Jesús Valencia
2017/12/14
Jimmy Muelles
2017/12/14
Eva Aranguren, Cecilia Antolín y Peio Gurbindo
2017/12/14
Gutunak
Iñigo Varona Gojeaskoetxea
2017/12/14
Alberto Pecharroman Ferrer | Dibujante
2017/12/14
Gontzal Fontaneda
2017/12/14
Dalia Rosagarai Arizala
2017/12/13