Joseba Otano Villanueva

Gardentasun falta erizaintzako zerrendetan

Erizainen kontratazio zerrendak egiteko deialdia argitaratu berri da (2017-9-25eko NAO), eta hartan alemanak, frantsesak eta ingelesak 2 puntu ematen dituzte bakoitzak. Euskararen balorazioari dagokionez, araudi indardunaren araberakoa izanen dela esaten da. Zenbat puntu dira zehazki? Nola daki parte-hartzaile batek euskararen ezagutza ongi baloratu zaiola, eta noiz jarri behar duen errekurtso bat, hala izan ez bada? Baina gai honetan Osasunbideak gardentasun faltarekin jokatzen du beti, deialdi guztietan.

Bestalde, araudi indardunak ez du deus esaten euskara «eremu ez-euskaldunean» baloratzeari buruz. Beraz, Nafarroako Gobernuak nahi adina puntua dezake. Baina Gobernuaren interpretazioa bestelakoa da: Ez du batere puntuatzen, eta bai ordea, lehen esan bezala, alemanaren ezagutza, adibidez.

Horretaz gain, deialdian esaten da erdarazko lanpostu batetik zilegi dela euskarazko lanpostu batera lekualdatzea. Horretarako aski da euskararen ezagutza frogatzea, ziurtagiri edo azterketa baten bidez. Aitzitik, euskarazko lanpostu batetik erdarazko batera lekualdatzea debekaturik dago. Langile horiek gaztelaniaz ez balekite bezala, eta ikasteko ezgauza balira bezala. UPNk ezarri zuen bazterketa hori 2009ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan bigarren xedapena gehituta. Injustizia hori aldatzeko beharrezkoa da Parlamentuan gehiengoak horren alde bozkatzea, baina orain arte Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak ez dute halakorik egin.

Bitartean, mediku eta pediatra euskaldunik gabe jarraitzen dugu gehienetan, baita eremu euskaldunean ere, eta Osasunbideak osasun txartelak erdara hutsean egiten ditu eremu mistoan eta «ez-euskaldunean», erabiltzaileei deus galdetu gabe… Euskara Osasunbidean: ezin okerrago.

Bilatu