Google markak eta tolerantzia!
Aritz Saez Insausti | Sortuko militantea
2017/07/14

Hunkituta idazten ditut lerrook asteazkenean Donostialdea astindu eta Euskal Herriko txoko askotan sentitu den lurrikararen aurrean. Sortuk «emakumeen kontrako abusu-praktika jarraitu batengatik» bere militante bat kanporatzeko prozedura hasi zuela esan zuen asteazken eguerdian. Hunkituta beraz, baina sentipen nahaste borraste guztiaren gainetik ere determinazio osoarekin. Konbentzimendu eta determinazio guztiarekin gaia zorrotz bezain zuzen tratatzeko. Posizionamendu ezari zirrikiturik ez uzteko inolaz ere ez. Ni posizionatu egingo naiz: Nazka da zurrunbilotik erreskatatu dudan lehen sentimendua baina ez naiz haratago joango ezin diodalako arrazionaltasunik bilatu honi guztiari. Ez naiz jarriko bilatzen aurkitu ezingo dudalako. Aste honetan argia ikusi duten urtetako jokabideek, nire bizitzaren balore eskalan asko ondoratzen dira. Oso behean daude alegia eta ez naiz gidoi horretatik aterako. Baina hau esanda baditut bestelako hitz batzuk bai niretzat, nire ingurukoentzat, Donostiako Pirata guztientzat eta baita eraso bakoitza jasan duten emakume, neska, alaba, ahizpa, arreba, militanteei zuzentzeko.

Ezagutzen dituzue google maps erabiltzen dituen ubikazio marka horiek? Jatetxe, denda, hondartza edo dena delakoa non dagoen zehazki markatzen dute eta askotan gertatzen zaigu urrunetik begiratuta bola handi bat osatzen dutela eta xaguari eragin ahala gerturatu edo urrundu egiten dira, zehaztasun gehiago emanez eta beraien artean aldenduz.

Dakigunez urtetan zehar laguntasunaz, konfidantzaz eta (zergatik ez) maitasunaz ondo estali eta enpaketatutako proposamen manipulatutako lista amaigabea da. Horregatik lerro hauekin zuri zuzendu nahi natzaizu: Lista amaigabe horren ubikazio marka beldurtu, lotsatu, umiliatu, engainatu eta superoroboterearen itzala sinistu duzun horri. Zuri. Honako lerrook irakurtzen ari zaren hori, jakin ezazu ez zaudela bakarrik, jakin ezazu, nire ahotik bai, ni itsumutugor egon naizela, ni narrasean ibili izan den metamorfosirik gabeko larba izan naizela! Ni ere bai. Horrela sentitzen naiz behintzat! Narrasean, makurturik, lotsatua, burumakur eta oraindik izen abizenik ez duten ehunka sentipen moduan. Zaila izan zait beraz begiak irekitzea, zaila, urruntasunetik eratorriko balitz errexa izango zelako, «que lo echen» hotz eta xinple batekin finikitatuko nukelako. Baina ez da urruntasun batetik eratorri. Gertu izan dut. Gertu, etxean, sutondoan…, codo con codo. Eta horrek min ematen du eta zer egin ohi dugu min ematen duten gauzekin? Txoko batetan zokoratu, kutxa on batetan gorde, giltzaperatu eta giltza zazpigarren itsasora bota. Eta badakizue gutako bakoitzak horrelako jokaera izaten dugunean zer gertatu ohi den? Mapa ubikazio markez betetzen zaigula! Marka bakoitza isolatuta eta bakarrik xaguari eragin ahala. Bakarra, engainatua, azken finean errudun! Errudun eta bakarrik.

Ispilu anitzak daude barrearen tunel honetan; «Ezin da egia izan», «bakarra izango ote naiz», «arraro sonatzen zitzaidan pero enaiz konturatu», «inuxente hutsa naiz», «ez ulertuarena egingo dut», «marroia beste bati pasako diot», «aber norbaitek zerbait egiten duen…, norbera hauetako ispiluaren parean jarri eta autokritika zorrotza egin beharko luke. Nik egingo dut eta zin egin behintzat ez dela hurrengorik egongo! Eta egongo bada zuzen, zorrotz, hotz eta iraultzaile jokatuko dut. Inoiz ez gehiago alboz eta behar duzuen edozertarako eskua botatzeko prest. Inoiz ez gehiago alboz eta barrearen tunel amaigabean bueltak emateari uztea erabakiko bazenu esku bat botatzeko prest zazpigarren itsaso sakonean duzun giltza bilatzeko, zoko ilunean gordeta duzun kaxa irekitzeko edota barrura begiratzeko laguntzeko prest. Ez zaude bakarrik eta ez zara ezerren errudun. «Bere militante kondizioa aprobetxatuz», «engainua eta manipulazioa erabili» duena bera da eta zu, zu beti zaude hor fabore bat egiteko, edozein arduratan lana eta giroa dinamizatzeko, esku bat botatzeko prest, marroiak jateko prest eta asko balio duzu. Horregatik ireki begiak, arnasa hartu sakon, askatu kutxan ikusi duzun hori eta inoiz inon inor gehiago! Tolerantzia zero!

Artikuluak
Antonio Alvarez-Solís
2017/07/24
Jesús Valencia
2017/07/24
Joseba Garmendia
2017/07/23
Gutunak
Enric Vivanco Fontquerni
2017/07/24
Javier Orcajada del Castillo
2017/07/24
Pedro Madariaga Bilbao
2017/07/24
Urtzi Ugalde | Remi Gogoan ekimenaren izenean
2017/07/21
Azken post-ak
Josean Bueno
2017/07/21
Martin Garitano
2017/07/20