Andoni Alza, Ibon Etxezarreta eta beste lau sinadura

Gorrotoa ezin da izan bidea

Aurreko astean preso ohi baten adierazpenak argitaratu ziren egunkari batean, zeinak bertan erabilitako tonua eta edukia ez ditugun batere konpartitzen. Jakin badakigu, bere jokabidea oso hurbiletik ezagutu dugulako, berak erabilitako arbuio eta irainak, bere iritzia besterik ez direla izan. Hain zuzen ere, batzuk gorrotatzetik gero beste aldekoak gorrotatzera igaro den pertsona batenak. Eta jarrera horrekin ezinezkoa da elkarbizitza berreskuratzeko baliagarria izan daitekeen ezer planteatzera iristea edo iraganean egin dugunaren hausnarketa serio burutzea.
Esan behar da, Langraitz bideaz hitz egiten hasi orduko, espetxe batzuetan mugimenduak eman zirela, borroka armatua amaitu eta espetxe legediaren baitan pausoak ematea planteatzen genuen presoon artean. Gerora, Langraitzen ibilbide eta jokabide anitzetako presoak elkartu ginen. Batzuk, bukatzeko geratzen zitzaien zigorra hausnarketa eta ikuspegi pertsonal batetik burutu nahi zuten, guztiz errespetagarria iruditzen zaigun jokabidea.
Beste batzuk, guretariko bakoitzaren erantzukizun pertsonal eta kolektiboaren ikuspegitik ulertzen genuen jorratu beharreko bidea. Eta horregatik saiatu gara gure hausnarketak plazaratzen, gizarteko sektore ezberdinetako jendearekin elkartzen –tartean zenbait biktima-, espetxe barruan zein kanpoan. Lokarri, Gesto por la Paz, Baketik, Giza eskubideen alde lanean ari den jendearekin ere elkartu izan gara, unibertsitateko irakasle edo eta talde politiko ezberdinetako arduradunekin. Esan ere, gaur egun Eusko Jaurlaritzan gai hauek jorratzen dituzten pertsonekin harremanak eta kontaktuak mantentzen dugula, bai aurreko zein oraingo Eusko Jaurlaritzako bulegoan lanean dauden pertsonekin, eta denak gure errespetu osoa merezi dutelarik.
Onartezina iruditzen zaizkigu baita beste preso batzuekiko elkarrizketa horretan botatako irainak, ertz batetik beste ertzera igarotako gorrotoa besterik ez delako.
Gure iritziz elkarrizketa horretan esaten denak ez du inolaz ere egun gure gizarteak baikortzat baloratzen duen Langraitz Bidearekin zer ikusirik.

Bilatu