Xanti Begiristain Madotz I Auritz

Greben zenbakiak

Abenduaren 4an greba egin zuten Osakidetzako langile batzuek eta ohikoa den bezala, antolatzaileek ehuneko batzuk eman zituzten jarraitzaileei buruz eta Osakidetzako arduradunek, ordea, beste ehuneko batzuk; lehenengoek zenbaki handi samarrak eta bigarrenek, aldiz, zenbaki dezente txikiagoak. Esan bezala, zenbaki dantza hau ohikoa izaten da, zoritxarrez, grebetan, manifestazioetan, elkarretaratzeetan, lanuzteetan, agerraldietan eta abar.
    Nik aitortzen dut, halako balorazio ezberdintasun gehiegizko horiek, dagoeneko nazkatu eta aspertu samarturik naukatela, izan ere, ezinezkoa baita bi aldeek arrazoia edukitzea, zeren eta azken batean hor gertaera objektibo bakar bat izan baita, eta badakigu matematikak kasu horietan ez duela gezurrik esaten. Hala eta guztiz ere, behin eta berriro, greba, kale agerraldi, e.a. dagoen bakoitzean, jasan behar izaten ditugu eten gabe, halako estimazio eta balorazio ezberdinak. Gezurra ematen du gertakari berbera zeinen ezberdin ikusten den.
    Egia esan, neronek pentsatzen dut, gehienetan behintzat, segur aski sindikatuen eta antolatzaileen estimazioak eta balorazioak, zuzenagoak eta egokiagoak izanen direla besteenak baino, baina, jakina, horixe nik ezin dut frogatu. Are gehiago, neronek esanen nuke zenbaki aldatze hori, norbaitek nahita egiten duela bere onurarako, gauzak nahasteko.
    Galderak hauexek izaten dira: nork dauka arrazoia? Nor ari da gezurretan? Nor hurbiltzen da gehiago egiara? Nor dabil gezurretik gertuago? Nor ari da asmo txarrez jokatzen? Eta abar.
    Ez dakit seguru, baina egia esatera, pentsatzen dut sindikatuek eta abarrek, lan pixka bat hartuko balute, frogatu ahalko luketela nork dioen egia eta nor ari den bazterrak nahasten, alegia, greba bat egiten denean, oker ez banago, langile grebalariei soldata deskontatzen zaie, legeak dionean arabera. Bada, hilaren bukaeran, iruditzen zait ez dela oso zaila izan behar sindikatuetako arduradunentzat, jakitea zenbat langileri, hau da, zenbat grebalariri deskontatu dieten soldata, grebak eta lanuzteak egiteagatik. Nahiz eta datu horiek berandutxo iritsi, hots, hilaren bukaeran, pentsatzen dut oso onuragarria izanen litzatekeela, behin eta berriz frogatzea nor ari diren egia esaten eta nor gezurra, nortzuek daukaten arrazoia eta nortzuek ez, nor ari diren zuzen jokatzen eta nor modu zikinean.
    Benetan, uste dut mereziko lukeela agerian uztea gizarte osoaren aurrean, nor ari diren asmo txarrez eta nor ez, argitze hori berandu samar iritsiko balitz ere. Behin eta berriz, hamaika aldiz, behin eta berriro, mila aldiz, aldi guztietan.

Bilatu