Beñi Agirre | Euskara irakaslea

Gu ez gara espainolak

Ziur nago Euskal Herrian ere badagoela korrupzioa, baina ez dut uste Espainiakoaren maila berekoa denik. Ez hainbeste lapurtutako kopuruari begira, ez biztanleen araberako ehunekoetan kalkulua eginda; ez, lapurretaren kontu hori Espainian sistemikoa da, estrukturala, kulturala. Espainiaren diseinua Gaztelatik sortzen da. Ez da kasualitatea Tormeseko itsumutilaren kontakizuna euren erreferente literario nagusienetakoa izatea.

Espainiak mundu osoan zabaltzen zen inperioa hedatu zuen; hanka non jarri, han zeuden ondasun guztiak arpilatzeko. Inperioa besteen aberastasunak harrapatzeko diseinatu zuen. Gaur egun ere Gaztelako Madrilen egoitza duen estatu arkitektura osoa, haren jarraitzailea da. Ekonomia “extraktiboa” garatzen du boterea indarrez inposa dezakeen lurralde orotan.

Gure kultura politiko-ekonomikoa, berriz, ekoizpenean eta zerbitzuetan oinarrituta dago. Gure erreferente kulturala, besteak beste, Obanoseko infantzoien aldarrietan dago: «Aberriaren askatasunagatik, herria, izan libre» eta «legeak erregearen eta agintarien aurretik».

Gure estatu-instituzio diseinuetan, bai Nafarroako Erresuman eta bai haren seme-alabak diren Espainia eta Frantziaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Gobernuan eta Iparraldeko Herri Elkargoan, ez dago lekurik lapurreta sistematikorako. Ez dut uste gure herrian onartuko zenik Espainiako PPren pareko mafiarik, ez Mariano Rajoyren antzeko bat berriro presidentea izaterik. Gu ez gara espainolak; baina haiek bezalakoak bihurtuko gara euren mendean jarraitzen badugu.

Bilatu