Miren Loizaga Legarra | Sopela

Gure herrian gure hizkuntzan bizi ahal izateko borrokatu behar izateaz nazkatuta

Sare sozialetan argitaratu nuen ondoren datorren testua, barrua husteko asmoagaz, baina ingurukoek animatuta hedatzea da orain helburua. Borroka jarraituko dugu, bide guztietatik, agian beste familia batzuk elkartuko zaizkigu hau irakurtzen badute-

Kronologia

1.- 2015eko urtarrilean jaio zen gure alaba, eta Sopelako anbulategira deitu genuenean pediatrarekin zita hartzeko, mediku euskalduna nahi genuela adierazi genuen.
Hiru pediatra zeuden, eta bakarra ere ez zen euskalduna.

Sopela ezagutzen ez duzuenentzat, hau, euskerak behin izan zuen lekua berreskuratzen doan herri gaztea da. Adierazgarria da honakoa: Eskola Publikoa eta Institutua «D» eredukoak dira, eta Ikastola ere badago herrian. Ez dakit esaten portzentaia, baina 18 urte baino gitxiagokoen artean gehienak euskaldunak direla ziur naiz.

2.- 2015eko martxoaren 27an erreklamazio sartu nuen Osakidetzan, gure alabaren (eta familiaren) hizkuntza eskubideak ez zirelako bermatzen, ekainean erantzun zidaten, zenbait aldiz deitu eta gero, esanez (laburbilduz) ez zegoela pediatra euskaldunik.

3.- Konforme ez nengoenez, batzartu egin nintzen Alangoko (Algorta) anbulategiko pertsonal arduradunarekin (gure eremuko erreferentziazko zentrua), eta esan zidan Sopelan plaza zeukaten pediatrak ez zirela euskaldunak. Ez zegoela ezer egiterik.

Momentuan mobilizazioak hasi nahi nituen, sinadurak bildu, Alkateagaz batzartu nintzen gure Udalak zeozer egin zezan, oposizioarekin ere, (biek ala biek, egiten nuenari buruz informazioa emateko eta eurek babestuko gintuztela), beste guraso batzuekin komentatu nuen (egiten nuenarekin, eurak ere alde)…

Baina ume txikia neukan, beste mila gauza, pediatrarenera (zorionez) ez naiz apenas joan, eta lanean hasi behar nuen laster amatasun baja amaituta. Beraz, ez nuen ezer egin, eta beraz, inork ez zuen ezer babestu.

4.- Urtebete baino gehiago pasatu da, eta egoera ez da aldatu. Gure alabak bere lehenengo berbak egiten ditu, bere komunikatzeko gaitasuna handituz doa (ulertzeko eta adierazteko gaitasuna dauka), baina ezin da bere medikuarekin komunikatu. Pediatrak maitekiro hitzegiten badio ere, erabiltzen duen hizkuntza arrotza da umearentzat, eta berez erreza ez den egoera gogortzen du honek (umeentzako pediatrarengana joatea ez da pozgarria izaten berez eta). Alde batera utziko dut, momentuz, beste gai batzuekin bera eta Osakidetzaren «ildo ofiziala» ez datozela bat (esaterako edoskitzea), eta hori ere oztopo bat dela guretzako, baina horrek beste erreklamazio bide bat ekarriko luke, ikusiko dut helduko diodan…

5.- 2016ko abuztuaren 25ean Alangora deitu dut berriz ere, beste erreklamazio bat sartu baino (borrokarako indar barik nago eta ekidin nahi nuen), ea norekin hitz egin ahal nuen egoera aldatzeko, aldatzen saiatzeko… ala zeozer!!. Elkarrizketa honelako zeozer izan da:

- Sopela da nire anbulategia, pediatra euskalduna nahi nuke
- Egin eskaera idatziz
- Egin nuen iaz, eta zuekin batzartu. Esan zenidaten orduan ez zegoela zer eginik, jakin nahi nuen egoera aldatu den, norbaitekin hitz egin ahal dudan.
- Gauza bakarra esan ahal dizut: egin erreklamazio bat idatziz.

Gaur eguneko egoera

Zuzenbidea ikasi nuen, bilatu dut 147/2015 Dekretua uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena. Bertan, 4.n) eta 6.e) artikuluek nire eskaera babesten dute.

Jakin badakit oinarri juridiko gehiago daudela hizkuntza eskubideak defendatzen dituena, eta eskaera honetan babestuko nautenak.

Erreklamazioa jarri dezaket, Arartekora jo, politikariekin hitzegin, Klaudio Landaren programara deitu (abuztuan igual eskertuko dute zer komentatu izatea), baina kontua zein da? Kantsatu naizela.

Gure herrian gure hizkuntzan bizi ahal izateko borrokatu behar izateaz nazkatu naiz

Alaba XXI.mendeko Sopela euskaldunean jaio arren, ez dakit zenbat legek babestuta, ez dau bere medikua ulertzen.


Sopela

Bilatu