Helios Del Santo Gomez I AEKren lagunon izenean

Irakaslea joan da


(Aitziber Sarasola Jacaren omenez)

“Ezagutu baduzue, ez dizuet aurkeztuko: Aitziber! Ederki dakizuen bezala, zoragarria izan da hura ezagutzea.

Orain AEKren izenean doluminak helarazteaz gain, besarkada bana bidali nahi diet familiari, Juankarri, haren lagun guztiei -hemen zaudetenoi, ezin izan direnei etorri, eta urrun dituztenei-; besarkada bana Tolosako jendeari, Txantreakoari, Basaburuari, Sanduzelairi, emakume borrokalari orori, EH Bilduri, eta AEKren lagun guztiei. Izan ere, haren heriotzak gogor astindu ditu gure etxeko horma guztiak.

Azken hamarkadetan AEKn ibili garenok ezin gara atzera begira jarri Aitziberrengan pentsatu gabe. Militante nekaezina eta alaia, lagun handia, konplizea,”konfidentea”, Irakaslea. Ikasgela barrukoa, eta ikasgelatik at: hamaika aholku eman dizkigu euskaldunon eskubideez, emakumeen borrokaz, herrigintzaz, naziogintzaz...beti ondoan izan dugu bihotz oneko tolosarra; egia mahai gainean jarrita, beti laguntzeko prest.
Nik zer esango dizuet? Ni ere Gipuzkoatik etorri nintzen, duela 20 bat urte, han familia utzita... eta Aitziber Iruñean izan dut ama modukoa, askotan aholkuak ematen, beste askotan errieta egiten.

Joan zaigu, eta burua altxatu beharko dugu. Zaila dirudi, baina erraza izanen da. Adorea, kemena, umorea...Aitziberrekin zerbait ikasi badugu, horiek dira.

Bukatzeko, noizean behin gertatzen den pasadizoa edo: AEKn ardurak aldatzean izenak baino ez ditugu aldatzen; hau da, niri dagokidanez, hor nabil Aitziberrek edukitako mahaian, eta hortxe daukat hark erabilitako telefono zenbakia. Hori dela eta, urteak pasa diren arren, oraindik ere despistaturen bat okertzen da eta deitu egiten du zenbaki horretara Aitziberrekin hitz egin nahian, edota telefonoaren agenda aldatu ez, eta haien izena azaltzen zaie guk deitzean. Hala eta guztiz ere, hurrengoetan, beldurrik gabe, esan dezakegu ez dabiltzala guztiz oker; izan ere, harengandik ikasitakoarekin gu ere garelako Aitziberren zati bat.

Ongi bizi!

Bilatu