Iruñeko udalean hizkuntz profilak eskas
Josetxo Labairu Senosiain | Administrazioan Euskaraz Taldea
2017/04/18

Iruñeko Udaleko plantilla organikoa argitaratu zen 2017ko martxoaren 8an. 1.615 lanpostuetatik euskarazko hizkuntz profila 51 lanpostuk daukate (%3’16). Egun berean, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia organismo autonomoko plantilla organikoa argitaratu zen. 33 lanpostu dira, euskarazko hizkuntz profilik gabekoak guztiak.

Nafarroako Gobernuaren azken Inkesta Soziolinguistikoan, Iruñeari dagozkion datuak hauexek dira: Biztanleen % 10’5 euskalduna da eta % 11’4 euskaldun hartzailea (euskara ulertzen duena, ongi hitz egiteko gai izan gabe). 16 urtez beherakoen artean % 25’1 dira euskaldunak eta % 11’9 euskaldun hartzaileak. Joera nondik nora doan adierazten du honek.

Bestalde, Iruñeko Udal berri honek 32 lan deialdi eginak ditu agintaldi honetan. 19 deialditan ez du puntuatu euskaraz jakitea. Beste 10etan prestakuntza txandako eta txanda irekiko zerrendak osatu ditu, eta prestakuntza txandako zerrendetan ez du puntuatu euskaraz jakitea (kontratazioetan, prestakuntza txandako zerrendek dute lehentasuna). Txanda irekiko zerrenda horietan, 8 deialditan, euskarari 10 puntu eman zaizkio eta ingelesari 8. Zergatik ematen zaie kasik puntu kopuru berbera? Euskara Nafarroako hizkuntza da, zerbitzu emateko baliagarria; ingelesa, berriz, ez (postu horietan behintzat). Gainera, euskaraz eta ingelesez dakienari ez zaizkio 18 puntu ematen; hizkuntzak jakiteari 10 puntu ematen zaizkio gehienez ere. Txanda irekiko zerrendetan, behin eskatu du derrigorrez ingelesa jakitea eta 2 aldiz eskatu du derrigorrez ingelesa edo frantsesa jakitea. Ordea, horietan euskara ez zen nahitaezkoa.

Hala ere aitortu behar da aurreko agintaldiaren aldean euskara gehiago eta deialdi gehiagotan puntuatu dela.

Plantilla organikoaren gaiari berriz helduz, gure ustez, kalkulu honen arabera ezarri beharko lirateke hizkuntz profila duten postuak: Iruñeko euskaldunen portzentajea + euskaldun pasiboen portzentajea + %2. Hau da, Iruñean %23’9. Esan bezala, gaur egungo plantillan %3’16 dira.

Artikuluak
Iñaki Egaña
2017/06/24
Félix Placer Ugarte
2017/06/23
Gutunak
Josu Jimenez Maia | Idazlea
2017/06/23
Asun Lasaosa Zazu | Grupo de Trabajo en Primera Persona (Salud Mental Podemos)
2017/06/23
Raquel García, Angeles Tanco y Carmen San Martín | Delegadas del sindicato ELA en la ANADP
2017/06/23
Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio
2017/06/23