Josu Jimenez Maia | Idazlea

Jack Prendergast, euzko gudari irlandarra

Historiagilea ez naizenez, benetako gertaerak irudikatzeko lizentzia hartuta, Jack Prendergast irlandarra adoretsu irudikatzen dut 1937an, gerra zibilean boluntario parte hartzeko erabaki irmoa hartu berritan. Ez zen irlandar bakarra izan. Irlandar gehienak XV. Brigadaren James Connolly zutabean borrokatu ziren, 150 inguru. Jaume Claret-en historiagilearen Breve Historia de las Brigadan Internacionales –Nazioarteko Brigaden Historia Laburra– liburu berrian aipatzen denez, beste iturri batzuek kopurua handitzen dute, eta horien arabera 250 irlandar inguru izan ziren faxismoa borrokatzera etorritakoak.

Hogeita bost urteko Jack Prendergast dublindarra ausart irudikatzen dut, baina ez Nazioarteko Bridadeetan, Euzko Gudarostean baizik. Ibiliko zitzaion buruan bueltaka Lincoln Brigadan engaiatzeko aukera, beste irlandar anitzek egin zuten gisa berean, irlandar anitzek nahiago baitzuten amerikarrez osatutako brigadan engaiatu britainiarrez osatutakoetan baino.

Jack Prendergast bipil irudikatzen dut txapela buruan eta arma eskuan, Irrintzi batailoiaren 8. konpainiako kapitain, Bizkaiko fronteko borroka latzetan, haren nahia baitzen «to fight with the Basques until the last inch of Basque territory has been taken», euskaldunekin borrokan aritzea Euskal lurraren azken hazbetea hartua izan arte.

Hogeita sei urteko Jack Prendergast etsita irudikatzen dut Santoñan, eskuak lotuta tropa italiarren gatibu; urtebete igarota ere, mende bat igaro dela iruditzen zaio. Bidasoaren mugatik egotzia  atzerritar zital baten gisan –«undesirable alien»– eta Irlandara itzulia, harik eta 1942an heriotz tragikoa izan arte.

54 herrialdetatik boluntario etorri ziren faxismoa borrokatzera; 35.000 gizon eta emakumek osatu zituzten Nazioarteko Brigadak, eta 10.000 inguruk bizia eman zuten faxismoaren kontrako borrokan. Boluntario antifaxista horien memoria berreskuratzea zeregin txalogarria da, eta Sam McGrath historiagileak "The Irish Times"-en argitaratutako artikulu batean horietako baten izena eta izana ahanzturaren putzu beltzetik atera du, Euzko Gudarostean borrokatu zen gudari irlandarra: Jack Prendergast.

Bilatu