Igor Olabarrieta

Kaleetan ikusiko dugu elkar Periko!

Ttak… malko bat jauzi zait albistea irakurri dudanean, sahiestezina izan da begiak malkotan urtzea inork entzun nahi ez zuen albistea entzun dugunean. Ttak… malko bi, hiru… ezin negarrari eutsi... Periko joan zaigu. Berehala, sare sozialak sutan jarri dira albistearekin. Zenbatek begiratuko dugu hurrengo manifan gure inguruan zure txapela aurkitu ezinik… Baina ez zara joan Periko, gurekin egongo zara hurrengo mobilizazioan, dagokizun lekua izango duzu gure artean, pankartan, eta jendearen artean, bietan behar den moduan egoten jakin izan baituzu beti, eta hainbestetan bezala, lehena izango zara hitzordura agertzen, borrokaren lehenengo lerroan egoten, jende asko egon ala ez, hori ez zitzaizun axola, zu beti izan zara hor zure konpromisoa erakusten, sistema kapitalista hiltzaile honek baztertutakoen alde beti.

Gutxi dira zu bezalako zintzotasunez eta eskuzabalez jokatu dutenak Periko, gutxi ere hain borroka desberdinetan murgildu direnak azken momentura arte, gazteri borrokalariarekin bat eginez, emakumeen aldeko borrokan, langile borrokan, internazionalismoan, borroka politikoan, presoen aldeko borrokan, eskubide sozialen borrokan… eta abar luzea aipatu dezakegu. Horregatik zu ere behar beharrezko borrokalari horietakoa izan zara, eta herri honentzako eredua. Elkarrizketa batean aipatu zenuen: «lokatzetan uzten dira oinatzak, kalean, eta ez alfonbra gorrietan» (ederra!), eta zuk oinatzak Euskal Herriko lokatzetan eta kaleetan sakon utzi dituzu, zure ondarea jaso dugunok gai izango al gara zure oinatzak jarraitzeko eta berriak sortzeko? Bitartean kaleetan elkar ikusiko dugu, laister arte Periko!

Bilatu