Nerea gaztetxoa
Xanti Begiristain Madotz
2017/06/14

Orain dela egun gutxi, bazkalaurrean, Iruñeko Yamaguchi parkean barna nenbilela, unea jakin batean, bidegurutze batean gelditu nintzen pertsona bati itxaroteko, Golem Baiona zinetokien aldean, eta orduantxe ikusi zintudan lehenengo aldiz, nire bizitza osoan. Txikitxoa zinen. Hogeitaka urtekoa, pentsatzen dut. Bi makulurekin zenbiltzan, burua aurrerantz botata eta oinak atzetik, erdi arrastaka, modu astunean zihoazela. Oso astiro eta nekez mugitzen zinen; zure ibilerak ia-ia dortoka batena gogorarazi zidan. Neronek bizpahiru aldiz begiratu zintudan bestela bezala, lotsati, eta zerorrek niri beste hainbestetan, baina disimulurik gabe, naturaltasunez eta alai.

Horrela bukatu zen goizeko lehen elkar ikuste hura. Baina, egun hartan bertan, arratsaldea aurreratu samarra zihoala, berriz ere egokitu zitzaigun handik barna igarotzea, eta hara non, berriro ere goizeko leku bertsuan zindoazen oinez, modu berean. Guk, poliki-poliki aurreratu zintugun eta zerorrek hainbat begirada atsegin eta xalo egin zenizkigun. Eta halaxe aldendu ginen handik arrats hartan, etxe aldera, nik nire baitan zure ezagutza eta izaera bitxia gogoan neuzkala.

Baina, biharamunean, arratsaldean eta ordu bertsuan, toki berean paseoan genbiltzala, bat-batean banku batean esertzea erabaki genuen, eta orduan ere, hantxe ikusi zintugun oinez, astiro-astiro, gure alderantz zentozela, zerorren makuluekin, berriz ere burua aurrerantz eta oinak atzetik jarraika arrastaka, astun, baina alai eta pozik. Bide ondoan, plastikoren bat ikusten zenuenean, bidexkatik desbideratu, atera eta plastikoetaraino hurbiltzen zinen, egonarri handiz, nekez makurtu  eta plastikoak josotzen zenituen, geroxeago paperontzi batean sartzeko.

Minutu batzuen buruan, gureganaino iritsi eta oso adeitsu agurtu gintuzun. Nerea zenuela izena esan zenigun. Euskaraz ez zenekien. Adina galdetuta, urtebete zenuela esan zenigun. Argi dago, Nerea, elbarritasun fisiko batzuk edukitzeaz gain, buruko ez-gaitasunen bat ere bazenuela, baina zure aurpegia alai, garbi, pozik eta zorintsua agertzen zen.

Geroxeago kontatu zenigun, handik ahateak dauden urmaeleraino joaten zarela, hegaztiak ikustera, eta handik, poliki-poliki, astiro-astiro, oso mantso, zerorren makuluekin, etxeraino. Eta hori egunero egiten omen duzu, edo oso sarritan behintzat bai, zerorren aurpegirik goxoen eta atseginena erakutsiz.

Halaxe, han utzi zintugun, Nerea, zure ibilaldi lasaian, eta orduan konturatu nintzen pertsona batzuk zeinen gutxirekin konformatzen zareten, zeinen gutxirekin zareten zoriontsu-edo, eta zeinen erraz erakusten eta oparitzen dituzuen irribarreak, eta beste batzuk, ordea, nahiz eta askoz ere gehiago eduki, halarik ere, ez gara konforma errazak, ez oso zoriontsuak eta ezta oso alaiak ere.

Ai!, zenbat ikasi beharko genukeen zuengandik, Nerea, atsegina!

Artikuluak
Antonio Alvarez-Solís
2017/12/11
José Arturo Val, Rosa García e Imanol Arrieta
2017/12/11
Pedro Pablo Arrinda
2017/12/11
Itxaso Herrera
2017/12/11
Gutunak
Javier Orcajada del Castillo
2017/12/11
Enric Vivanco Fontquerni
2017/12/11
Jose Antonio Gonzalez Garcia «Nebera»
2017/12/09
Manu Ballesteros
2017/12/08
Azken post-ak
Martin Garitano
2017/12/11
ttiklik
2017/12/08
ttiklik
2017/12/08
Andoni Lubaki
2017/12/06