Patxi Aznar Bellido

Non dago arazoa?

Non dago arazoa? Autoan nentorrela, hondakinei buruz Denis Itxasok esandakoa entzun dut, eta entzundakoa oso logiko eta koherentea iruditu zait, batez ere uneoro Europatik datorkigun araudia jarraitu duelako; hondakina prebenitu, berrerabili, birziklatu, murriztu eta gero balioztatu, hitz gutxitan, gai honetan Europatik iristen zaigun hierarkia errespetatu. Orduan non dago arazoa?

Nire ustez, gaur egun gai honetan daukagun beharrari modu egokiaz ez erantzutean. Adibide sinple batekin azalduko dut: Elgoibarren 2012an txipadun edukiontzia martxan jarri zen eta 2014ean birziklatze tasa %37koa da, beraz erabilitako sistema beharrari ez zaio egokitzen. Horrez gain, erritmo honekin egundoko kutsadura sortzen ari da eta ez du beteko 2016rako Europatik datorkigun araudia, horrek ekar diezazkigukeen ondorioekin. Beste herri batzuek, berriz, –besteak beste: Tolosa, Zegama, Olaberria– edukiontzi sistemaz baliatuta hilabete gutxitan emaitzak bikoiztu dituzte, birziklatze tasak kasu guztietan %70 gaindituz.

Denisek esandakoan sinestea gustatuko litzaidake, baina orain arte auzi honetan bere alderdiak egindakoa ikusita, oso zaila egiten zait. Adibide batzuk jarriko ditut: aurreko legealdian Lasarteko udaletxeko hondakinen arduradura (oraingo alkate berria), bi urtez horretarako aurrekontua onartuta edukita ere, ez zen bosgarren edukiontzia martxan jartzeko gai izan. Pasa den azaroan ontzi batzuk erosi zituen eta ez zuen gehiago egin. Horrez gain, zera esan, Gipuzkoan 2013an gutxien birziklatu zuten mankomunitateak orain arte sozialisten eskuetan izan direla: Txingudikoa (%35,6) eta Debabarrenakoa(%29,3).

Bilatu