Joseba Otano Villanueva. Euskaraz Administrazioan Taldea

Pentsatzeko eta euskara erabiltzeko askatasuna

Nafarroako Gobernu berria zoriondu beharra dago, testuliburuetan "Euskal Herria" hitza zentsuratzeari bukaera emateagatik. Pentsamendu eta adierazpen askatasunaren kontua da alde batetik, eta geure hizkuntza erabiltzeko eskubidearen kontua, bestetik.

Hauxe dio Euskaltzaindiak: "Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik".

Nekez uler daiteke nola alderdi politiko batzuek, urtetan, diru-laguntzak ukatu dizkieten hainbat gurasori euskarazko hitz hori erabiltzeagatik. Ez da beren dirua; zergetatik hartutako dirua da, guraso kaltetuek ere pagatu dituzten zergetatik.

2013an, ‘El Mundo’ egunkariak zioen ezen Turkian "Kurdistan" izena erabiltzen uzten hasi zirela. «Tabu baten bukaera», eransten zuen: «Testuliburuetan Kurdistan hitza erabiltzeak gatazka diplomatikoak ekarri ditu Ankararekiko».

2016an, irudi du Nafarroako alderdi politiko batzuek askatasun falta hori nahi luketela Nafarroarako.

Bilatu