Amaia Elkano Garralda | Iruñeako Alde Zaharreko Sortu

Sara gogoan zaitugu!

Azaroaren 29an 12 urte beteko dira Iruñeko Alde Zaharreko auzokidea zen Sara Fernandez Iñaki Etxeberria auzoko Euskal Preso Politikoa bisitatzera zihoala izandako kotxe istripuan hil zela. 12 urteren ostean, gauzak asko eta asko aldatu dira Euskal Herrian. Baina zoritxarrez, bada gauza bat aldatu ez dena. Izan ere, Euskal Presoek, espetxe barruan jarraitzen dute, dispertsatuak eta beraien etxeetatik ehundaka edo milaka kilometrotara urrunduta. 12 urteren buruan, dispertsio politikak, eskubideak urratzen dihardu, bere mendeku, xatai eta izaera kriminala modu lotsagabean agerian utziz.

Gatazkaren ondorioen inguruko kontakizuna osatzeko bidea irekitzen hasi da; Euskal Herrian jazotakoen inguruko Memoria osatu. Egia, Aitortza eta Erreparazioaren geltokiak zeharkatu beharko dituen Memoria. Eta horretan ere, Sara Fernandez, Karmele Solaguren eta dispertsio politikak hildako beste 14 pertsonak aitortuak izan beharko dira. Gaur egun ordea, biktima hauekiko eta beste batzuen aitortzarako egin beharreko bidea, aldapatsua dirudi, erabateko ukapen ofizialetik, eskubidez irabazi duten Memoria kolektiboan leku berezia izateko bide bikoitza zeharkatu behar dugulako.

Baina une honetan, hiru geltoki horiek bezain garrantzitsua da errepikapen eza. Alegia, Sara eta beste guztien heriotza modu zuzenean eragin zuen dispertsioarekin, behin betikoz, bukatzea.

Euskal Preso Politikoak estatu espainol eta frantsesean barreiatuak dauden bitartean,  beraien senide eta lagunek, astebururo-astebururo, errepideetan beraien biziak arriskatzen jarraitzen dute. Estatuak dispertsio politikaren bidez,  presoen senide eta lagunen kontrako  zigor bidegabe eta bortitza eragiten ari dira.

Horrela bada, Euskal Preso Politikoen kontrako dispertsioak irauten duen bitartean, ezingo dugu kontakizuna bukatutzat eman, ezin Memoria biltzeko ariketari amaierarik eman. Dispertsioak irauten duen bitartean, preso baten senide edota lagunen bat errepidera ateratzen den bakoitzean, biktimen zerrendan izen berri bat jartzeko arriskua errepikatzen delako.

Urtemuga honetan beraz, bi aldarri: dispertsioak hildako senide eta lagun guztiekiko Egia, Aitortza eta Erreparazioa; eta biktima gehiago egon ez daitezen, Euskal Presoak Euskal Herriratzeko oihua.

Gure aldetik, urtero bezala, egunero bezala, Sararen oroitzapen bizia gure memorietan mantentzen dugu. Bai bere senide eta lagunei, baita modu batean edo bestean dispertsioaren bidegabekeri eta mendekua sufritzen duten guztiei ere, gure babes eta besarkadarik estuena.

Bilatu