Aritz Soloeta

Sexu erasotzaileengandik uste baino gertuago

Arropa denda ezagunenek plazaratutako iragarki erraldoietan maizegi behatu ohi izaten ditugun irudien aurrean erreakzionatzen ez dugun bakoitzean, emakumeek pairatzen dituzten erasoen erantzule gara.

Lankideekin izandako afarietan bikotekideari buruz egindako «gizontxantxetan» irribarre egiten dugun bakoitzean, erantzule gara.

Futbol zelaian puta edota maritxu oihukatzen dugun bakoitzean, erantzule aktibo gara.

Haurrak arazoren bat duenean, haur eskoletako hezitzaileek amekin harremanetan jartzea lehenesten dutela onartzen dugun bakoitzean, erantzule aktibo gara.

Eta gure errua ez dela adierazten dugun bakoitzean, sexu erasotzaileak babesten ditugun itxuratiak besterik ez gara.

Feminista izatea nekeza izan liteke, izan ere emakumeen aurkako zapalketa, gizabanakoaren kontu bat izan ordez, hau, estrukturala dela ulertzea baitakar, zapalketa behingoz gainditzeko, batez ere aldaketa ekonomiko eta kultural bat beharrezkoa dela onartzea suposatzen duelarik.

Baina mito faltsu baten oinarrituta dagoen egungo bizitzari muzin egin nahi badiogu, gizonok ere feminista egin behar gara. Eta horrek esfortzu bat eskatzen du. Izan ere, ahaleginak egin behar ditugu; arlo pribatuan, politikoan edota ekonomikoan. Nahiz eta ondorioz, besteak beste ibilbide politikoa pausatu edota ondasun eta diru sarrerak txikiagotuko zaizkigula onartu beharko dugun.

Bilatu