Aritz Soloeta Garmendia

Terrorismo delitua?

Politikari, epaile edota pentsalari gehienek indarkeria arbuiatzen dutela jakitea txalogarria izan zitekeen, begibistakoa ez balitz helburu hori lortzeko indarkeriaren terminologia zapalduen indarkeriaz bakarrik erlazionatzen dutela. Izan ere, garaileen indarkeria ezabatu egiten dute.

Nahiz eta instituzio demokratiko edota giza eskubideen printzipioak suntsitu nahi dituztela mila aldiz adierazi, instituzio zein eskubide hauen aurkako mehatxuak ez datoz indarkeriazko metodoak erabiltzen dituzten talde isolatuetatik bakarrik. Mehatxuak printzipio hauek bertan behera uzteko gertu azaltzen diren gizarte zein gobernuetatik ere etor litezke. Asko dira adibideak.

Estatuek indarkeriaren monopolioa daukate. Eta botere judizialek erabiltzen duten terrorismoaren definizio hedagarriaren laguntzaz, espainiar estatuko ministro bati esaterako arrazoiak edonolakoak direla ere, jendarte batek espainiako guda igaro eta 40 bat urtera guda irabazi nahi dutela salatzeko eskubide osoa bermatu liezaioke. Edota autonomia baten esku hartuko duela esateko aukera baliatu. Baita epaile bati, liskar batean besteak beste guardia zibil batzuk inplikatuak izatearren, hainbat pertsonei terrorismo delitu bat egozteko aukera eskaini ere.

Euskal Herriko zein munduko edozein herrialdeek urteetan jasan, eta oraindik jasaten dituzten gertakarien harira, hona hemen herritar gehiengo bati terrorismoren definizioari dagokionez behintzat adostasun batetara heltzeko lagunduko dien oinarrizko definizioa: «Terrorismoa indarkeriaz baliatu edota indarkeriaz baliatzeko egiten den mehatxua da, komunikazio sinboliko bat ordezkatzen duen egintza, non helburu politiko bat izatearen aitzakiaz indarkeria pairatzen duten zuzeneko biktimak instrumentu gisa erabiltzen diren, jendarte zehatz batengan ikarazko efektu psikologiko bat hedatzeko».

Bilatu