Ainara Maya Urroz | Mendaroko ospitaleko euskara teknikaria

Zein da ate guztiak irekitzen dituen giltza?

Giltza, gakoa, bai objektu desiratua! Zure barneko edo bihotzeko benetako desira zein den baldin badakizu, aurkitu duzu edozein ate irekitzeko giltza.

Desiratzeari utzi eta lanean jartzea da gakoa. Beti aurrera, aitzina abiatu naiz 2016ko udazkenean Mendaroko euskara zerbitzuan. Ez dakit arrisku handiegia duen Osakidetzak (edo Gaixokidetza erran beharko nukeen, Lazkao Txiki bertsolariak erran bezala?) olerkari bat kontratatzen euskara teknikari gisa, baina euskaltzalea eta euskal filologoa naiz gogotsu, eta langintza berri honetan abiatu naiz ilusioz beterik.

Sakelak paper tolestuz beterik ditut idazteko, eta lasai egoteko basalorea dut, basamortuko lurrik emankorrena delako. Miopea naiz eta beharbada hori abantaila olerkari izateko, itsasoa noraino den ezin ikusi ezin badut ere, baina ostertz hori da poesia edo hirugarren espazioa. Esna egotearen eta lo egitearen artean ez bizitza ez heriotza da, hirugarren egoera. Dena gordetzeko afana dut beharrezko balitz bezala letrak atxikitzea.

Libreago naiz orain. Ez ginena ez izateko, ama izateko eta ume bihurtzeko. Libreago naiz maitatzeko ene bihotzeko maite kuttuna, nahiz eta harengandik urruti egon eta bion artean ozeano bat egon, baina berreraiki nahiko nuke gutarteko zubia eta sendotu. Libreago naiz sentitzeko eta sendatzeko, eta bihotza goxatzeko. Ene barneko kutxa hau ireki eta taupada bakoitza entzuteko libre naiz bizirik nagoelako.

Kutxa ireki eta bertako altxorra topatu dut: ispilua. Ispiluan begiratu eta hara! Ate guztiak irekitzen dituen giltza topatu dut: NI NEU.

Bilatu