Eloi Tato Imaz | Nafarroan irakasle interinoa

Zerrenda bakarra

Zenbat aldiz entzun izan dugu, hizkuntza asko jakiteak bizitzarako aukerak zabaltzen dituela? Baina, noski, zein hizkuntza jakiteak zabaltzen ditu aukerak? Nafarroan bi hizkuntza ditugu, baina benetan balio berekoak al dira?

Hezkuntzan lan egiten dugun maisu-maistrok haurrak gaitasunetan hezteko ahalegina egiten dugu. Hizkuntzaz gain, beraien geroan hainbat gaitasun izateak aukera gehiago emango dizkielakoan  gaude.

Demagun, irakaskuntzan diharduen batek Pedagogia Terapeutikoko titulua eta Hizkuntza eta Mintzairako titulua dituela, eta bere hizkuntza bakarra, gaztelania dela. Heziketa bereziko profesional gisa, ez al lituzke bi horietako titulu bat duenak baino aukera gehiago izan beharko? Eta pentsa dezagun, edozein arlotako maisu-maistra batek bi hizkuntza dakizkiela eta lurralde horretako bi hizkuntzak direla, gaztelania eta euskara, alegia. Hizkuntza bakarra dakien batek baino aukera gehiago ez al lituzke izan beharko?

Ba, gaur egun, Nafarroako Hezkuntza sisteman dugun zerrendatzeko moduaren arabera, ez! Horrexegatik, gaur berriro ere, zerrenda bakarra aldarrikatu nahi dugu, denok berdintasunean jokatzeko.

Bilatu