Kepa Alberdi I Azkoitiko sarekidea

Zorionak azkoitiarroi!

Abenduaren 20an Azkoitiko Sare mugimendua sortu da Euskal Herriko Sare mugimenduarekin bat eginez, presoen, deportatuen eta iheslarien eskubideen defentsan lan egiteko. Presoen eta hauen sakabanaketaren auzian herrian inoiz izan den babesik zabalena lortu da, sakabanaketa politikaren aurkako mugarri bezala sentsibilitate desberdinetako herritarrak elkartuz. Lan ederra egin du sare hau antolatu duen taldeak, eta horrekin batera eta garrantzitsuagoa, talde anitza osatzea posible dela erakutsi du, herritar bakoitzak egin dezakeen ekarpena ezinbestekoa dela nabarituz.
Azkoitian ez da presoen aldeko horrelako mugimendu anitzik izan 1998ko irailean Lizarra-Garaziko hitzarmena sinatu zenetik. Orduan herriko hainbat partidu, talde eta erakundek bat egin zuten urte hartako Gabonetako presoen aldeko manifestazioarekin. Pasa da denbora eta espetxe politika mendekatzailearekin presoen eta hauen senide eta lagunen sufrimendua areagotu besterik ez da egin urteotan. Mendeku krudel eta isila da, bizi bitarteko heriotza motela, beren eskubideak egunero eta ankerki urratuz. Presoen eskubideak errespetatuak izan behar dira, beraien ingurune sozial afektibotik gertuen dagoen espetxean zigorra betez, gaixotasun larriak dituztenen kaleratzeari bide emanez eta bizi osorako zigorra ahalbidetzen duten neurriak indargabetuz.
Honekin guztiarekin amaitzeko, herriko hainbat arlo eta joeratako pertsona esanguratsuak konprometitu dira Azkoitiko Sare mugimenduarekin; medikuak, unibertsitateko irakasleak, parrokoa, EAJ eta Bilduko alkate ohiak eta PSEko zinegotzi ohia, kazetariak, preso ohiak, kultura eta kirol munduko hainbat izen ezagun… giza eskubide guztiak guztiontzako aldarrikatzeko prest dagoen gizatalde anitza. Norberak bere ardurari eutsiz, modu positiboan eta konponbide klabean, herritarren sare zabal bat sortzen hasi da, mugimendu indartsu bat hauspotu eta osatuz. Erronkak ausardia eskatzen du eta honek ezin du izan lortu arteko etenik, etxean behar ditugu, orain da ordua. Gero… beti berandu izango da.
Indarrean den espetxe politika krudel eta basatia salatzea, sakabanaketaren muturreko egoera amaitzeko konplizitateak biltzea, azken finean gizarte zibilari txanda ematea zen helburu, eta bide onetik goaz, herritarrak izango baitira dinamika honen protagonista, bakoitzak bere alea ipiniz. Sare berean gaude, ni eta zu, zu eta hura, hura eta beste hura, eta oso desberdin pentsatzen dugu, baina hemen gaude, hemen denok kabitzen gara eta inor ez dago soberan.
Mendekuaren eta gorrotoaren politikak gaindituta, guztion bultzadaz, jarrera zintzoak eta eraginkorrak behar ditugu. Gizarte honek hamaika arazo sakon ditu eta heldu da ordua sufritzen duen orori gertutasun sentipena adieraztekoa, ilusioa transmititzekoa. Etsipenari lekurik utzi gabe, urrats bat harago joan behar dugu, itxaropena ezin dugu giltzatu.
Azkoitiko Sare mugimenduak, Gabon zaharretan, abenduak 31, arratsaldeko 18.30ean plazatik aterako den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dio herri osoari. Orain dugu preso eta iheslarien eskubideak modu bateratuan aldarrikatzeko aukera. Animo, bidean ikusiko dugu elkar.

Bilatu