Betiko borroka beraren bide eta tonu berriak
2017/08/07

Azkeneko bi hamarkadetan inoiz hutsik egin gabe gertatu den bezala, atzo, beste urte batez, dispertsioaren aurkako eta euskal preso politikoen askatzearen aldeko deiadarra euskal kostaldeko hondartzetara eraman zen. Ugariak dira herriz herri euskal presoen alde egiten diren ekimenak. Batzuk itzelak, Hatortxu bezala. Beste batzuk, ordea, xumeak, baina ez horregatik ezdeusak, inondik inora. Helburu handi horren alde egiten den ekimen orok du balioa, Galdakaoko auzokideek ostegunean egoki nabarmendu zuten bezala.

Sakabanaketak berez dakartzan zailtasun guztiekin, presoek beren eztabaida amaitu berri dute. Lortu dituzten emaitzetan beren orain arteko estrategian aldaketa sakonak dakartzate. Ondorioz, beraien aldeko dinamikak ere birpentsatzea komeni da, orain arte egin denari baliorik kendu gabe, inondik inora. Egoera berrian bai presoei begira eta bai euskal gizarteari begira egiten diren ekimenen zentzua, helburuak eta inbertitutako energien eta emaitzen arteko balantzea aztertu behar da. Ez da erraza, jakina, baina inertziak eraginkortasuna mugatzen du. Alor honetan ere, esperimentatu egin behar da.

Iragan den astean, Kepa del Hoyoren agurrean, bai mezuetan bai tonuan, aldaketak sumatu dira. Ez dago damurik, ezta printzipioetan atzerapausorik ere. Borrokan hil den kide baten agurrak merezi duen solemnitatea guztiz mantendu da, gizatasun iraultzailearen kodeak betiko berdinak dira. Elkartasun adierazpen komunitario bat izan da, baina mezu politiko sakon bat ere txertatu da: presoak etxera ekartzea ez da soilik iraganeko kontu bat gainditzea, etorkizuna bera dago jokoan. Fase politiko berrira egokitzeko borondatea oso agerikoa izan da. Kalera Kalera ekimenaren arrastoa ere sumatzen da, ezker abertzalearen barruan eta preso ohien esparruan berrindartze nabarmena ekarri duen dinamika.

Ekinez ikasten da, asmatzen eta baita akatsak egiten ere.