Errauskailuaren inposizioak gero eta kostu handiagoa

Atzo Donostiako Auzitegiak ez zuen onartu Gipuzkoako Aldundiak ezarritako errekurtsoa. Erabaki horrek GuraSOS elkarteari bidea ireki dio bere errekurtsoarekin aurrera egiteko. Modu horretan, Gipuzkoako errauskailua gelditzeko borrokan fronte berri bat ireki du epaileek hartutako ebazpenak. Nabarmentzekoa da auzian dagoena ez dela errauskailua egitea ala ez, baizik eta erabaki hori hartzeko prozesu parte-hartzailea burutzea ala ez. GuraSOS elkarteak, foru arauaren baldintzak betez, prozesu parte-hartzailea irekitzea eskatu zion Diputazioari. EAJk eta PSEk babesten duten Foru Gobernuak eskabide horri ezezko borobila eman zion. GuraSOS elkarteak Diputazioak bere araua ez zuelako konplitu auzitara jotzea deliberatu zuen. Epai prozedura honek argi uzten du Markel Olanok zuzentzen duen Gobernuak ez duela errauskailuaren inguruko inolako parte hartzerik nahi.

Zaila da halako jarrera bat ulertzea, azken lau urteetan atez atekoari buruzko udal erreferendumak bultzatu dituzten alderdien aldetik. Are gehiago kontuan hartzen badugu jokoan dagoena: errauskailuaren kasuan osasun arriskuak esanguratsuak dira, eta inbertituko diren baliabideak oso handiak eta epe luzean aurrekontu publikoak baldintzatuko dituztenak. Ondorio larriak, sakonak eta epe luzekoak izan ditzakeen erabakia hartzeko prozesu parte-hartzailea burutzea logikoa da. Atez atekoaren kasuan, aldiz, sistema baten edo bestearen alde egitearen inplikazioak askoz mugatuagoak dira, baina hor bai bultzatzen dira parte-hartze prozesuak. Horrek guztiak agerian uzten du bai EAJk eta bai PSEk ez zutela herritarren parte-hartze zuzena bultzatzen; atez ateko erreferendumen erabilera maltzurra egin zutela arerio politikoa ahultzeko.

Inposizioaren bidean tematzeak ez du ezer onik ekarriko. Garaiz gaude gauzak beste modu batean egiteko. Hori da, hain zuzen ere, politikariei eskatzen zaiena: ikuspegi berriak proposatzea arazo eta gatazkak bideratzeko. 

Bilatu