Ezkerreko abertzaleak, lehian protagonista

Euskal Herriko hautesleek departamenduetako bozetan aldi berean bozkatu zuten atzo lehen aldiz. Ez da aldaketa bakarra izan, parekidetasuna lortzeko sistema berriaren arabera, ezinbestez kantonamendu bakoitzeko emazte bat eta gizon bat aukeratu behar baitzuten. Aurreikusi bezala, zentro-eskuinak irabazi du kantonamendu gehienetan, baina ia erdietan ez du PS bigarren itzuliko lehiakide izanen, EH Bai baizik. Hain justu, ezkerreko abertzaleen emaitza onak hauteskunde hauetako daturik nabarmenetakoa izan dira. Barnealdeko kantonamendu gehienetan bigarren itzulira iraganen da EH Bai, baita Donibane Lohizunen ere. Beraz, eskuinaren eta PSren arteko ohiko lehiaren itzalean izatetik protagonista nagusia izatera iritsi da. PSk, berriz, nagusigoa galdu du, Estatu osoan jasan duen higadura Euskal Herrian ere sufriturik.

Ezkerreko abertzaleek berretsi egin dute aitzineko hauteskundeetan erakutsi joera. Departamendu hauteskundeak Estatu osoan aldi berean egiten direnez, arreta Estatuko indar nagusien arteko lehiara bideratzeko arriskua bada ere, EH Baik erakutsi du oso kontuan hartzeko indarra dela. Oro har, arrunt emaitza onak erdietsi ditu, erran bezala, eta zenbait kantonamendutan, Mendialdean, kasu, emaitza horiek bikainak izan dira.

Hauteskunde hauek beste fenomeno bat agerrarazi dute, halaber aurreikusia izan arren, kezkagarria dena: Fronte Nazionalak erdietsi boz kopurua. Errobi-Aturrin bigarren itzulira iraganen da, EH Bai lehenengo indarretik urrun gelditu den arren. Haren emendioa ez da Estatu frantsesean izan duenaren hein berekoa, baina Ipar Euskal Herrian fenomeno berria dela erran daiteke, eta indar guztiek sakonki hausnartu beharko lukete horren aitzinean, bereziki Gobernutik eskuin muturreko diskurtsoaren araberako neurriak abiatu dituztenek.
Bigarren itzuliaren aiduru, ikusteko dira lehiatik kanpo gelditu diren indarren mugimenduak. Eta ikusteko, halaber, Ipar Euskal Herriarendako lurralde elkargo bakarraren eztabaidak zer norabide hartzen duen. Abertzale ezkertiarren atzoko arrakastak, bederen, lurralde elkargo propioaren aldeko aldarria sendotu du.

Bilatu