Garai aztoratuek abiadura politikoa handitu dute
2012/07/21

Espainiaren porrota egitate ukaezina den honetan, ez dago euskal herritarrentzat lasaitasunerako arrazoirik. Itxaropenerako arrazoiak egon badaude, jakina, baina lasaitasunerako ez. Bere ahultasunean, herri honen eta bertan bizi direnen interesentzat, menpean gaituen estatuetako bat, espainola, oso zama astuna eta arriskutsua da. Gero eta nabarmenagoa da bi herri desberdin garela, bi gizarte desberdin, bi norabide desberdinetan mugitzen diren bi nazio. Adierazgarriak bistan daude, maila guztietan gainera: politikoan, ekonomikoan eta sozialean. Sekula baino arrazoi gehiago dago independentziarako, eta arrazoi horiek guztiak ustiatu behar dituzte independentistek. Ez dago arrazoi horietatik bakar bat ere baztertzerik, garatu gabe uzterik, esentzialistenetik instrumentalisteneraino. Arerioa mugaz bestalde dago, arerio komuna da eta helburua askatasuna erdiestea da, herri hau herri egiten duten ezaugarriak babestea eta bertan bizi diren guztien etorkizuna bermatzea.

Esan bezala, ordea, ez dago lasaitasunerako arrazoirik. Egoera hain da larria, Espainiak bizi dituen une historiko hauek hain dira aztoratuak, ezen gertaerak bata bestearen atzetik baitatoz, arrapaladan, jarraitutasunik gabe eta iradokitzeko aukera txikiarekin. Independentziarako baldintzak sekula baino agerikoagoak badira ere, asmatu behar da, herriak prest egon behar du zirrikituren bat sortzen denerako, aukera-leiho bat zabaltzen denerako. Gaur egun, interes partikularrik ez duen edonork erraz uler dezake euskal herritarren parte zabal batek Estatu espainoletik banatu nahi izatea. Logikoa da, ulergarria. Horrexegatik, gaur egun eta hemen alternatiba politiko eta ekonomiko erreal bakarra independentzia delako, bai euskal herritarrei bai atzerritarrei herri honek bere kabuz bizi eta garatzeko aukera duela erakutsi behar zaie. Estrategia argiaz gain, lidergoa eta malgutasun politiko handia behar da. Ardura handia da eta ardurarik txikiena duten herritar eta agintari guztiek maila eman behar dute. Lehenik eta behin, abertzaleek, noski. Baina baita beren herrikideentzat hoberena nahi duten guztiek ere. Garai aztoratuak dira, baina baita zirraragarriak ere. Asma dezagun denon artean.

Artikuluak
Unai Urruzuno
2014/12/19
Mikel Bueno Urritzelki
2014/12/19
Víctor Moreno
2014/12/19
Gutunak
Koldo Campos Sagaseta I Escritor
2014/12/19
Juan Luis Mugertza Unanue I Idazlea
2014/12/19
Oscar Rodriguez I Concejal de IU en Barañain
2014/12/18
Pedro Osés Navaz I Ekologistak Martxan Iruñea
2014/12/18