Hatortxu: Jaialdi bat baino zerbait gehiago eta presoen egoera baino askoz gehiago

Pertsona baten bizitzan jaialdi bat bezalako ekimen komunitario sinple bat hasiera batean uste daitekeena baino are garrantzitsuagoa ere izan daiteke. Atzera begiratuta, norberaren bizipen kultural eta politikoei erreparatuz gero, jende gehienari kontzertu, jaialdi edo abesti baten oroitzapena etorriko zaio gogora. 

Eta ez pertsonen bizitzan eta bizipenetan soilik, herrien historian ere honelako ekimenak oso garrantzitsuak dira, baita katartikoak ere. Baltikoko herriek abesten ekin zioten independentziari; Nueva Trovak bide emantzipatzaileak ireki zituen Kuban; Victor Jararekin hasi eta Lluis Llachekin amaituta, diktadura eta tiraniei aurre egiteko ereserkiak mundu osoan dira ezagunak; rockak eta punkak indar apurtzailea izan dute belaunaldi desberdinentzat herri desberdinetan… Botereari aurre egiteko bezala herri-boterea berreskuratzeko kantatu dute banda erradikalek. Sarri, musika «indar askatzailea» izan da guretzat, euskal herritarrontzat.

Hatortxu Rock jaialdi bat baino zerbait gehiago da. Musikaz gain, boluntariotza eta militantzia sustatzen ditu, elkarlana eta elkartasuna indartzen ditu, herritar eta herri gisa aberasten gaitu. Gure onena ematera gonbidatzen gaitu. Kulturaren eta politikaren zentzu sakonago horiei erantzuten die, pertsonen eta herrien bizipenetan irauten duten gertakarien esparrukoa da. Aurtengoa gogoratzekoa izango da.

Izan ere, aurtengo Hatortxu arrazoi desberdinengatik da berezia. Alde batetik, XX. edizioa delako. Tamalez, hiltzeko borondate irmoa duen jaialdia izateko, gehiegi luzatzen ari da. Euskal preso politikoen egoera bidegabea gehiegi luzatzen ari delako, edonondik begiratuta ere. Beste alde batetik, horrexegatik ere bada berezia: EPPK-k bere eztabaida amaitu du eta estrategia berria finkatu du. Aldaketa honek blokeo egoera apurtzeko gaitasuna izan dezake. Preso politikoek beren kalerako bidea kalean daudenekin, alegia, herritarrekin eskuz esku egiteko borondatea azaldu dute. Krudelkeria eta basakeria defendatzen dituztenen aurrean, arrazoia beren alde dute, eskubideak beren alde dituzte. Botere itzela dute kontra, ordea, eta horri aurre egiteko indarra behar dute, indar askatzailea. Beraien askatasun indibidualak herri honen askatasun kolektiboarekin lotura zuzena duelako. 

Bizi dugun une historikoan, erresistentzia matxinatutik konfrontazio demokratiko eta eraikitzailerako trantsizio honetan, herriaren bizi-konstanteak mantentzea eta taupadak areagotzea ezinbestekoa da. Nostalgiarik gabe, anbizioz, alaitasunez eta konpromisoz aurrera egiteko garaiak dira hauek. Bai kulturgile gisa, bai boluntario gisa, baita ikusle soil gisa ere, Lakuntzan bizitzera goazenak Euskal Herriaren gaitasunen berri ematen du. Ziur asko ez da azkena izango, baina kolosala izango da, eta gure gogo komunitarioan zizelkatua geratuko da.

Bilatu