Kontsumoa zentzu bakar duen bizimodua salgai

Ikea altzari multinazionalak Euskal Herrian ireki duen bigarren saltokiarekin batera polemika eraman du Lapurdiko hiriburura. Alde batean, enpresaren eta instituzioen ordezkarien ospakizun jaia; bertzean, globalizazioaren eredu neoliberalaren aurkako militanteen eta Baionako dendari eta herritar soil anitzen kritika, multinazional suediarra Lapurdira hedatu izana salatzeko. Aldeko faktorea, sortu dituen lanpostuak; kontrakoa, deuseztatuko dituenak. Jendeen pozgarri, Zeelanda Berriko errugbilarien haka dantzaren bitxitasuna; hainbaten amorragarri, euskal hizkuntza eta kulturarekiko errespetu eskasa.

Polemika horrek publizitateaz bertzaldeko egien ikusteko balio beharko luke bederen. Egia da Ikeak berrehunetik gora lanpostu sortuko dituela Lapurdin, baina egia da, halaber, haren irekieraren ondorioz lanpostu anitzen galera izanen dela baitezpada, multinazionalak sortuko dituenak baino gehiago segurik, haren inguruko merkataritza gunea osatuko duten dozenaka dendek Baionako denda tipi eta ertain franko desagerraraziko baitute. Egia da denda erraldoiek lagun askori erosotasun handia eskaintzen diotela, baina baita ere bertze askok denda tipiaren arreta eta berotasuna galtzen dituela. Finean, bizimodu bat eskaintzen dute eta, publizitatea gorabehera, bizimodu hori zertan den, zer daraman berekin aztertzea komeni da.

Ez du iduri Lapurdiko eskualde horrek saltokien eskaintza falta duenik; halere, multinazionalen helburua ez da inondik inora beharren asetzea, kontsumoaren emendatzea baizik. Atzoko inaugurazioa globalizazio eredu baten erakusgarria da, hura eragin duen eredu ekonomikoaren produktua. Erakargarria izateko ahaleginak egiten ditu, kontsumoa eta bizimodu zoriontsua lotuz, eta maiz kaltetzen duenaren defendatzaile agertuz; alta, ingurumena eta kultura tipiak, esate baterako, ez ditu erabiltzen kontsumo produktu gisa baizik, eta publizitate osagarri gisa. Kultur trukerako bide gisa saldu zuten globalizazio hau eta, izan ere, saltzea zen eta da haren funtsa, bizimodu baten saltzea, hain justu, publizitate engainagarria bitarte.

Bilatu