Kultura eta herria bat, emozioz beteriko plazan

Hamalau milatik gora lagun bertaratu ziren atzo BECera Euskal Herriko txoko ezberdinetatik, goizetik gauera Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala bertatik bertara jarraitzera. Ez da kopuru makala lau urtean behin ospatzen den norgehiagokak mugitzen duena. Irailetik hona saioz saio bertsolarien jarduna jarraitu dute milaka herritarrek eta atzo Barakaldon borborka zeuden emozioek adierazten dute ekimenaren tamaina.

Zortzi bertsolari igo ziren oholtzara eta Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela, bigarrena hernaniarrarentzat. Belaunaldi baten aldaketa ekarri zuten Lujanbiok, Elortzak, Mendiluzek, Arzallusek, Colinak eta beste askok. Aurtengo txapelketak agerian utzi du badatorrela atzetik beste labekada bat. Indartsu etorri ere, emakume eta gizon gaztez osatua, freskotasuna dakarrena eta segida emateko maila bikainarekin sartu dena plazetan. Belaunaldi aldaketen lekuko, Sebastian Lizasok jantzi zion txapela Maialeni. Bertsolaritza etxean jaso zuen Lizasok, bertso eskoletan ondu dute ondoren etorri direnek eta bertatik dator herri honen kultura aberasten jarraituko duen erregaia. Bertsolaritzak dituen askotariko balioen artean, transmisioaren indarra bada bat. Lujanbiok berak azken agurrean bota zuen bezala, transmisio hori behetik gorakoa izan da, eta hurrengoei lekukoa luzatu zien: «lehengoekin eta gaurkoengandik txapel hau gerokoentzat».

Bertsoak badu zerbait zalea sorgintzen duena, bere emozioak esnatuz. Lizasok aipatu zuen agurrean magia ere bihurtzen dela tarteka bertsoa. Euskaratik eta hitza jolas, komunikaziorako bide ere bada. Atzoko finalean eta beste hamaika saiotan ikusi dugu bertsoak auzi pertsonal zein kolektiboak lantzeko parada eskaintzen duela. Dela amatasuna, prostituzioa, presoen auzia, gatazkaren konponbidea, immigrazioa edo Kataluniako egoera, herri honen kezka eta erronken lekuko ere badira plazak. Ahalmen transmisore hori herria eraikitzeko indar ere izan daiteke.

Bilatu