Mendeku zigorrak elkartasunaren aurrean

Espetxetik irten direnei urte eta erdiz hilabetero dagokien 426 euroko diru laguntza euskal presoei ukatzeko erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusiak Auzitegi Konstituzionalean, justifikaziorik gabeko neurria delakoan. Izan ere, euskal presoei bakarrik ezarritako amarru hori gehitutako zigorra da, beste behin, betetako kondenari zigor berriak gehitu nahian presoen gatibualdia amaitu ez dadin.

Salbuespen neurri berri hau inguratu duen egoerak agerian uzten du beraren izaera politikoa. Estrasburgoko Auzitegiak 197/2006 doktrina ezeztatu eta berehala onartu baitzuten PPk eta UPyDk askatasuna berreskuratzen duten presoei subsidioa kentzeko lege erreforma. Horretarako arrazoia aurrekontuetan oinarritu bazuten ere, tamainako bidegabekeria euskal presoei bakarrik ezartzeak atzean daraman mendeku kiratsa ezkutatzea zaila da. Diru laguntza horri ezezkoa emanda Estatu espainolak bere balantze ekonomikoak sendotuko dituelako argudioa sinesgarritasun gutxiko aitzakia da. Jasotzen dutenentzat, ordea, laguntasun hori ezinbestekoa da. Espetxean igarotako urte guztien ostean, parez pare topatzen duten errealitateari eta honek berekin dakartzan oztopo eta erronkei aurre egiteko arnasaldi txikia.

Halako erabakien izaera ankerra ahaztu gabe, presoenganako elkartasuna Euskal Herrian ongi errotuta dagoen egitatea da. Ez da kasualitatea elkartasun horri ere eraso izana, presoen eskubideen defentsan lanean dihardutenak atxilotuz edo Sarek bildutako dirua ebatsiz egin duten moduan. Hala eta guztiz, trabak izanagatik ere, espetxeko hormak gainditzen dituztenek ez daukate faltan egoera berriari aurre egiteko sorospenik. Gauzak dauden moduan, panorama beltz bati aurre egin beharrean daude, bizitzako urte asko gatibu eman izanaren zailtasun gehigarria dela eta. Horrelako neurri miserableen bidez, Madrilek erakutsi du bakearekiko konpromisoari trabak jartzen noraino iristeko gai den. Baita euskal gizarteak ere, elkartasunez konponbideari eutsiz.

Bilatu