Migrazioaren ziklo ankerra eteteko beharra

Migrazioaren zikloaren miseria guztiak azaleratzen dituzten gertakizunek bete zuten atzo Europako agenda, Mediterraneotik hasita: 94 pakistandarrek betetako ontzi bat atzeman zuten Italiatik hurbil, eteten ez den emariaren isla –joan den astean Libian itsasoratutako 8.000 lagun erreskatatu zituzten–. Europa helburu, tarteko herrietan jarraitzen du zikloak, adibidez Turkian. Atzo BBCk salatutakoaren arabera, bertan Zara eta Mango bezalako markak hornitzen dituzten fabrikek Siriako errefuxiatuak (adingabeak tartean) erabiltzen dituzte eskulan merke gisa, modu erabat ilegalean.

Baina miseria ez da Europara iristean bukatzen, atzo Estatu frantses zein espainiarrean gertatutakoek erakutsi bezala. Beldurrak, ezinak eta nora ezean doan logika sekurokratak bultzatuta erabaki arren, aitzakia humanitarioekin estali zuen Parisek Calais-eko kanpamentua husten hasteko hautua. 8.000 lagun geldituko dira behin-behineko etxerik gabe datozen egunetan. Pirinioen beste aldean, atzo Bartzelonako Atzerritarren Barneratze Zentroan Aljeriako berrogei bat atxilotuk gose greba egin zuten, aurreko astean Aluche-ko zentroan gertatutako matxinadari segida emanez. Bartzelonako Udalak atzo bertan iragarri zuen saiatuko dela berriro ere zentroa ixten, abuztuan arrakastarik gabe egin zuen bezala.

Azaldutako zikloa aztertuta, ez da zaila atzoko azken gertakizunak ulertzea: Lesbosen asilo eskaerak kudeatzen dituen erakundearen bulegoak erre zituzten, tramiteen abiadura motela salatzeko, Bulgarian 300 bat migrantek protesta hasi zuten harrera zentroko baldintza eskasak ezagutarazteko eta Estatu frantsesean beste harrera zentro bati sua eman zioten. Azken argazki hauek begi aurrean, arazoaren muina Europan ikustea erraza da; baita segurtasunarekin lotutako problema dela pentsatzea ere. Horregatik da ezinbestekoa migrazioaren zikloan atzera joan eta abiapuntuan kokatzea, han hasten baita erronkari (ez arazoari) erantzuna emateko bidea.

Bilatu