Palestina: banatuta ezina, batuta etekina

Hamas eta Al-Fatah palestinar mugimenduek hamarkada luze batez izan dituzten kalapita latz eta ezinikusiak alboratu, eta bakeak egitea adostu dute. Egia da, egia denez, urteetan zehar adiskidetzerako beste itun batzuk sinatu eta publikoki lau haizeetara zabaldu direla. Baita, arrazoi bat edo beste dela medio, ez direla gauzatu eta horrek palestinarren artean etsipena areagotu duela ere. Oraingo hitzarmen honek, baina, arrazoi eta indargune handiagoak ditu, kontraesankorra dirudien arren, palestinarren kausak nazioartean, eta bereziki Ekialde Hurbileko eskualde gatazkatsuan, sekula ez bezalako ahuldadeak bizi dituelako.

Palestinako herri martirizatuaren egoera are gaiztotu du bere bi ordezkaritzek izan duten lehia suntsikorrak. Gazako setioa, Gaza eta Zisjordaniaren arteko zatiketa, urrutiegi iritsi dira. Kostu humanitario itzelaz gain, egoera honen betikotzeak Palestina herri bakar eta batu bezala jardutea eragotzi dute. Estrategia nazional baten faltan, nazioarteko koiuntura gaiztotuta eta Israelen kolonizazioa azkartuta, mundu osoaren begietara eta Trumpen bultzadarekin indartuta, badirudi batasuna dela aurrera egiteko bide bakarra. Orain artean bezala banatuta segitzeak ezina dakarrelako, eta batuta ekiteak, aldiz, bere horretan bakarrik agian aski izango ez den arren, etekina.

Hartara, bi aldeek euren urguilua irentsi eta beren nazioarteko babesleen azpilanak baztertu beharko dituzte. Hamasek jakitera eman du bere ardurapeko administrazio kontseilua disolbatuko duela eta Gazan ere hauteskunde berri batzuei ateak irekiko dizkiela. Alde guztientzako egokia dirudien urrats honi beste batzuek jarraitu beharko diote, hala nola PAE Palestina Askatzeko Erakundearen berrantolaketa, orain artean kanpoan zirenei leku egiteko. Berandu baino lehen hobe, Palestinaren Nazio Batzarra deitu eta ikusmolde bateratu eta estrategia nazional argia adostu beharko dute, adinean oso aurrera dagoen eta ezinean oso nabarmen ibili den Mahmoud Abbasen osteko aroa nork zuzenduko duen erabakiz.

Bilatu