Senideei babesa eman beharra, duintasunez

Atzo hasita hilaren 29a bitartean Guardia Zibilaren hitzordua jaso duten senideek ez direla kuarteletara deklaratzera joango jakinarazi izanak euskal presoen hurkoek jasaten duten tratu bidegabean ezarri du arreta berriz ere. Gauza jakina zen dozenaka senide horrelako hitzorduak jasotzen ari zirela euskal presoen eta haien familien eskubideen aldeko lana egiten duten lagunen azken atxiloketen ondoren. Kolektibo horien aurkako ohiko ankerkeria noraino eramateko gauza diren erakusten duen azken ekimena. Balio demokratikoak, besterik gabe giza balioak errespetatzen dituen edozein administraziok ahalegindu beharko luke lagun maiteak espetxean dituztenen sufrimendua arintzen, baina hori ez da Estatu espainolaren kasua. Aitzitik, sufrimendu hori areagotzeko erabiltzen ditu bere aparatu guztiak, inongo deliturik egin ez eta inongo epailek epaitu ez dituen horiei zigor lazgarria ezartzeko.

Duela hiru aste, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak hainbat euskal presoren Euskal Herriratze eskaerak baztertu zituen, sakabanaketak ez duela eskubiderik urratzen argudiatuz. Presoen eskubideak bermatzea betebehar nagusia duenak horrelakoak esatea begien bistakoa ukatzea izateaz gainera, presoak erabateko babesgabetasunean abandonatzea da. Eta haiekin batera, sakabanaketaren ondorioak modu gordinenean jasaten dituztenak, senideak. Ukatzen dieten babes hori eskaintzen ahalegintzen direnak atxilotzea eta Guardia Zibilaren hitzordu horiek haien aurkako presioa areagotzeko jokaera larderiatsuaren erakusgarri dira. Barregarria da senideak, urte luzeetan Estatuaren estortsio ekonomikoa jasaten dutenak, alegia, «dirua zuritzeaz» deklaratzera deitzea. Eta senideek, ohi bezala, duintasunez erantzun dute. Kendu ez dieten tresna bakanetakoarekin, hain zuzen.

Eskubideak urratu eta babesa ukatzen dieten horiek herritarren babesa behar dute; baita arlo guztietako eragileena ere eta, jakina, euskal herritarrak ordezkatzen omen dituzten instituzioena. Hori ere, duintasunez.

Bilatu