NAIZ.INFO
Iruñea

Negu giroa nagusi izango da datozen orduetan Euskal Herrian

Lehenengo elurteak heldu dira Euskal Herrira eta bigarren mailako errepide batzuetan zirkulazio arazoak sortu dira. Alerta horia ezarri dute EAEn eta laranja Nafarroan, elurteengatik.

Euria, hotza eta elurra. Udazkeneko azken asteek neguaren aurrekariak dakartzate, giro gordina izango baita nagusi datozen orduetan Euskal Herrian.

Gero eta baldarrago izango da Euskal Herri osoan. Ipar-mendebaldeko haizea oso zakar ibiliko da eta ez da giro egongo, bereziki itsasertzean. Tenperatura beste pixka bat jaitsiko da eta mendi punta garaietan elurra geratuko da. Kostaldean zaparrada mardulak botako ditu, trumoiek eta txingorrak lagundutakoak akaso. Prezipitazioak ugaldu eta elurra mendietan behera.

Kantauri itsasoan lehen hogei milietan iparraldeko haizeak, 5eko indarrarekin, itsaski handia eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5 m inguruko olatuak altxatuko ditu.

Elurra ere heldu da herrialdeko tokirik garaienetara eta bigarren mailako zenbait errepideetan arazoak eragin ditu. Araban, Azazeta itxita dago kamioientzat. Nafarroan itxita dago baita ere Izaba eta Ipar Euskal Herria batzen dituen NA-137 errepidea, Belaguan.

Alerta horia eta laranja

Lakuako Gobernuak alerta horia ezarri du eurite eta elurte arriskuagatik. Datozen 24 orduetan 60 litrotik gora bota dezake metro koadroko, batez ere kostaldean. Nafarroan, bere aldetik, alerta laranja ezarri dute.

Elur mailak, bere aldetik, behera egingo du aurrerantzean eta 500 metroetan ezarriko da.