Nagore Belastegi
DONOSTIA

Bizitzan zehar igarotzen ditugun krisiak jorratuko dituzte larunbatean Bertso Egunean

Krisia izango du gai nagusi heldu den larunbatean Donostiako Kursaal aretoan ospatuko den Bertso Egunaren 44. edizioak.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko kidea. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko kidea. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Larunbatean Donostiako Kursaalen ospatuko den Bertso Egunaren 44. edizioaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur goizean. Bertsolariek aurten jarraitu beharreko gaia krisia dela iragarri du Bertsozale Elkarteko Jon Agirresarobek. Azaldu duenez, garai onena ez den une honetan, pertsona orok bizitzan zehar gainditu behar dituen krisiei buruz aritu dira, eta orokorrak zein norberarenak aipatuko dituzte bi ordu iraungo dituen saioan.

Eguerdian hasiko dira Bertso Eguneko ospakizunak. Bulebarrean, Bretxan eta Konstituzio plazan sei bertsolari arituko dira (Anjel Peñagarikano, Julio Soto, Manex Agirre, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Odei Barroso). Azken gune honetan Haatik dantza taldea arituko da.

Konpainia horrek 18.00etan hasiko den ekitaldi nagusian ere dantzatuko du. Horrekin batera bestelako emanaldi txikiak eskainiko dituzte bertso saioan zehar, hala nola, Xabier LIzaso piano jolearen eta Andoni Egaña bertsolariaren ‘Bi arreba’ emanaldiaren zati bat. Errimak osatzen izango diren hamabi bertsolariak honako hauek izango dira: Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Ramuntxo Christy, Jon Maia, Ander Solozabal, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jone Uria, Andoni Egaña, Eneko Laskoz eta Uxue Alberdi. Iñaki Gurrutxagak eta Aitzol Barandiaranek, gainera, bertso jarriak kantatuko dituzte.

Festak gauean jarraituko du Kursaaleko NiNeu jatetxean. Bertso sorpresak eta Karma taldearen emanaldia izango dira. Afarirarko sarrerak amaitu badira ere, bertso saioa ikusteko 500 sarrera inguru salgai daude oraindik. Bestalde, Donostiara gerturatzerik ez dutenek 22.30etik aurrera ikusi ahal izango dute arratsaldeko emanaldia ETB1en, larunbatean bertan.