Gipuzkoako autobideetan gehienez 25 euro ordaintzeko neurria indarrean jarri zenetik lehenengo balantzea egin du Foru Aldundiak. Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak eta Katty Nevado Bidegiko zuzendari nagusia izan dira prentsaurrean.
Ugarteren esanetan, lehen balantzeak jendeak neurriari harrera «ona» egin diola erakusten du, «guk uste bezala, ia 15.000 erabiltzailek jaso dute 25 euroko gehieneko neurriaren onura».
Bestalde, Nevadok VIA-T deskontu sistemaren balorazio bat egin du, datutan. Haren arabera, gora egin du zerbitzu hau erabiltzen dutenen kopuruak. «59.225 erabiltzaile ziren 2009an eta 2012a, aldiz, 76.555 erabiltzailerekin amaitu dugu», azaldu du.
Langile klasea autopistaren «gatibu» dela esan du Ugartek eta, horrenestez, neurri hau hainbat familientzat «onuragarria» izango dela gaineratu du. Gainera, lehen autobidea hartzera animatzen ez ziren asko gerturatuko direla uste du.
Bidegiren egoera «delikatua» bada ere, ataka honetatik ateratzeko «ezin da gipuzkoarrek hilero 300 euro utzita izan», esan du Ugartek.