NAIZ.INFO
PARIS

Denda eta bulegoetako argiak gauez itzaltzeko agindu du Gobernu frantsesak

Heldu den uztailaren 1etik aurrera, Estatu frantseseko denda eta bulego-eraikinek argiak itzali beharko dituzte gauean, Gobernuaren aginduz. Energia aurrezteko eta argi-poluzioa murrizteko hartu dute neurria.

Gobernu frantsesaren aginduz, heldu den uztailaren 1etik aurrera, bizileku ez diren eraikin guztiek barruko argiak itzali beharko dituzte azken langileak bulegoa edo eraikina utzi eta ordubetera. Horretaz gain, kanpoko argi eta dendetako erakusleihoak itzalita egon beharko dira 1.00etatik aurrera.

Neurri horiekin argindarra aurreztu eta argi-poluzioa murriztu nahi du Parisko Gobernuak. Ingurumen Ministerioak egin dituen kalkuluen arabera, urtean orduko bi teravatio (TW) aurreztuko dira, gutxi gora behera 750.000 etxeren urteko kontsumoa.

Agintariek salbuespena egin ahal izango dute Gabonetan edo beste jai berezietan.