NAIZ.INFO
BILBO

Euriak, txingorrak eta elurrak arazo ugari eragin dituzte Euskal Herriko errepideetan

Batez ere eguneko aurreneko orduetarako espero diren txingorrak, eurite eta elurteek arazoak eragin dituzte Euskal Herriko errepideetan. Arretaz gidatzeko deia egin dute.

Lekunberrin gaur goizean hartutako irudia. (Joseba SALBADOR)
Lekunberrin gaur goizean hartutako irudia. (Joseba SALBADOR)

Ostegun honetarako atzo baino prezipitazio gutxiago espero diren arren, Euskal Herriko puntu askotan euria eta elurra gogoz ari du, eta horrek arazo ugari eragin ditu errepideetan.

Goizeko aurreneko orduetan istripu ugari izan da, nahiz eta larriak ez diren izan. Gipuzkoan GI-20 errepidea itxita geratu da Intxaurrondo parean, Irunerako norabidean, ezbehar batengatik. Bost lagun zauritu dira eta erietxera eraman dituzte. Trafikoa Garberatik desbideratu dute.

Gasteizen, N-1 errepidean kamioi batek istripua izan du Jundiz parean eta erdiko erreiak moztuta geratu dira.

Baionan ere txingorrak auto ilarak sortu ditu eta A-15 autobidean, Pagozelai parean, kontuz ibiltzea gomendatzen da.

Nafarroan, 14 haur zeramatzan eskola autobus bat errepidetik irten da Espartza eta Arlegi artean, baina inor ez da zauritu.

Larraintzarren mikrobus bat bidetik atera eta errekara erori da. Gidaria zaurituta atera dute, baina autobusean zihoan bidaiari bakarra onik atera da.

Horrez gain, Araban hainbat mendate, Orduña, Opakua, Herrera edo Bernedo kasu, itxita daude. Nafarroako iparraldeko hainbat lekutan ere kateak behar dira, esaterako Aralarren eta Urbasan. Gipuzkoan, Elosua eta Urrakin autoek kateak behar dituzte eta kamioioentzat itxita daude.

Nafarroan, hain zuzen, hogei errepidetan eragin ditu arazoak eguraldiak eta Foru Poliziak irteera asko egin behar izan ditu horiei erantzuteko. Ez da inor zauritu eta ez da inolako kalte larriren berri eman.

Eguerditik aurrera prezipitazioak tartekatzen joango diren arren, arretaz gidatzeko deia egin dute.