Naiz
Donostia

Garaño eta Goenagaren ‘Loreak’ filmak Urrezko Maskorraren lehian parte hartuko du

Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren ‘Loreak’ filma Zinemaldiko Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartuko da. Pablo Maloren ‘Lasa eta Zabala’ ere Sail Ofizialean emango dute, baina lehiaketatik kanpo.

Nagore Aranburu aktorea, ‘Loreak’ filmaren une batean. (ZINEMALDIA)
Nagore Aranburu aktorea, ‘Loreak’ filmaren une batean. (ZINEMALDIA)

Donostiako Zinemaldiak Sail Ofizialeko lehian ariko diren Euskal Herriko eta Estatuko filmeen zerrenda iragarri berri du. ‘80 egunean’ filma ondu zuten Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak ‘Loreak’ lan berria aurkeztuko dute. Beraiena, baina, ez da Euskal Herriko lan bakarra izango. Sail Ofizialean baino lehiaz kanpo arituko da Pablo Malok berriki zuzendu duen ‘Lasa eta Zabala’ lana.

2011n ‘Los pasos dobles’ lanarekin Urrezko Maskorra irabazi zuen Isaki Lacuesta zuzendari kataluniarra ere Donostian Izango da. Sail Ofizialean baina lehiaketatik at aurkeztuko du bere lan berria, ‘Murieron por encima de sus posibilidades’.

Urrezko Maskorrerako borrokan bai izango dira Alberto Rodriguez (‘La isla mínima’) eta Carlos Vermut (‘Magical Girl’).

‘Ander’ film entzutetsua zuzendu zuen Roberto Caston zinemagilea Zuzendari Berriak sailean izango da ‘Los tontos y los estúpidos’ lanarekin, Hermes Paralluelorekin batera (‘No todo es vigilia’).

Bestalde, Iciar Bollainen azken lana (‘En tierra extraña’) Emanaldi Berezietan ikusi ahal izango da.