Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Guztiaz barre egitera atera dira donostiarrak kalera Irrikitaldian

Aste Nagusia amaitu eta hurrengo egunean ospatu ohi dute piratek desfile bitxi hau. Donostiako topikoetaz barre egiteko eta ironia puntu batez kritikak egiteko baliatzen dituzte euren mozorroak parte hartzaileek.

Donostiako topikoetaz barre egitera atera dira piratak. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Donostiako topikoetaz barre egitera atera dira piratak. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Bulebarreko erlojutik abiatu dira Donostiako Piratak 17.00etan, txarangak lagundurik, Irrikitaldian. Aste Nagusia atzo amaitu zen baina donostiarrei oraindik azken festa bat falta zitzaien. Desfile koloretsu honetan Belle Epoque garaiko soineko dotoreak gailentzen badira ere, lumazko abaniko eta guzti, bestelako pertsonaiak ere ikusi daitezke Alde Zaharreko kaleetan. Falta ezin den pertsonaia Odon Elorza alkate ohia da.

Gaurkoan PSOEko pegatina, fularra eta lore gorriak zituen soinean. Baina garai berrien egungo alkateari ere leku egin diote eta Juan Karlos Izagirreren papera hartu duenik ere badago, motorra eta medikuen auskultadore eta guzti. Apaizek ere leku berezia hartu dute, izan ere, abadea eta haurra osatutako bikotea zebilen eskutik helduta, baita bekatariei dei egiten ziena ere. Abortuaren kontrako eta Munillaren aldeko aldarriak ere entzun ziren «abortua = ETA» bezalako mezuak zabalduz.

Ironia eta umorea nagusi dira Irrikitaldian, geroz eta jende anitzagoa biltzen duena. Haurrak ere inudeak bezala janzten dira, edota emakume dotoreak bezala makillajearekin, eta pozik paseatzen dituzte panpinak desfilean. Bestalde, adineko dexentek parte hartu dute, hauek ere umoreari helduz, buruan lumar eta eskuan sonbrillak eramanez.

Koadrilak Alde Zaharrean suspertu aurretik, Santa Maria elizaren aurrean udaletxeko pleno bat irudikatu dute eta hondakinen kudeaketari buruz eztabaidatu dira ustezko Izagirre eta zinegotziak gainontzeko parte hartzaileek txarangakin dantzatzen zuten bitartean.