NAIZ
Donostia

Comète sarearen inguruko zine saioa eta solasaldia antolatu ditu Donostiako Udalak

Bigarren Mundu Gerran Alemania naziaren erasoetatik ihesi Frantziako eta Espainiako estatuen muga igarotzeko laguntza garrantzitsua eskaini zuen Comète sareak. Frankismoaren eta faxismoaren aurkako erresistentziarentzat oso garrantzitsua izan zen. Donostiako Udalak historia berreskuratu eta behar diren errekonozimentuak egiteko sare honen inguruko zine saioa eta solasaldia antolatu ditu irailaren 10erako.

‘Azken bidaia’ filmaren trailerra da albistearen hasierakoa. Iurre Telleriak eta Enara Goikoetxeak zuzenduriko lana. Irailaren 10an (19.00etan Donostiako Antzoki Zaharrean) eskainiko dute euskarazko bertsioan. Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoaren ekimena da eta Còmete sarea omentzeko baliatu nahi du.

Sare klandestino hau Bigarren Mundu Gerran eratu zen. Alemania naziaren erasoetatik bizirik ateratzen zirenei ihes egiten lagundu zien Bidasoaren muga zeharkatzen. Udalak igorritako oharrean dio Donostia giltzarri izan zela laguntza eta ihes sarearen antolaketan, mugak gurutzatzen lagundu zutelako donostiar askok eta euren etxeak ere eskaini zizkietelako babes gisa.

Udalaren ustez ezinbesteko tresna izan ziren frankismoaren eta faxismoaren aurkako erresistentziarentzat eta horregatik, «hauek ezagutzera emateko, historia berreskuratu eta behar diren errekonozimienduak egiteko» antolatu du zine saioa eta solasaldia. Iraileko saioan bi zuzendariez gain Juan Carlos Jimenez de Aberasturi historialaria eta dokumentalean parte hartu duten hainbat protagonista ere izango dira. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak egingo ditu moderatzaile lanak. (Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira Antzoki Zaharrean, doan).