NAIZ
BAIONA

Ziburuko ikastola uzteko zazpi egun eman ditu Paueko Auzitegiak

Paueko Auzitegiak Ziburuko ikastola egun dagoen Marinela auzotik kanporatzea erabaki du eta zazpi egun eman dizkio horretarako. Hortik aurrera eta agindua betetzen ez badu, eguneko 100 euroko isuna ordaindu beharko du.

Ziburuko ikastolako gurasoen elkarretaratzea. (Sylvain SENCRISTO)
Ziburuko ikastolako gurasoen elkarretaratzea. (Sylvain SENCRISTO)

Ziburuko Kaskarotenia ikastola kokatzen den Marinelako gunea uzteko zazpi eguneko epea eman du Paueko Administrazio Auzitegiko epaileak eta epe horretatik aurrera tokia uzten ez duten egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaintzeko agindu du.

Ostiralean aztertu zuten Paueko Auzitegian Ziburuko Herriko Etxearen eta ikastolaren arteko auzia eta gaur eman du deliberoa. ikastola kanporatzea, beste tokiren bat atzemateko epe bat ematea edo gaia bere eskumenetik kanpokoa dela ebaztea ziren hiru aukerak, eta lehenengoaren alde egin du epaileak.

12 haurrek dute izena emanda Kaskarotenia ikastolan eta bihar da ikasturtearen hasiera. Ebazpena dena delakoa izanda ere, ikasturtea Marinelako gunean hasiko dutela adierazi zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak ostiralean, beste tokirik ez baitute.

Epaia ezagutu eta berehala lehen sostenguak jaso ditu Seaska ikastolen federazioak Euskal Herrian Euskaraz, EH Bai eta Alternatibaren aldetik, Twitter bidez.