Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Tania de Sousak ‘Tania Tank’ diskoa aurkeztu du

Donostiako A Fuego Negro jatetxea aukeratu du Tania de Sousak bere bakarkako lehen lana aurkezteko: ‘Tania Tank’ diskoa, hamabi abestik osatutakoa.

Kontzertu akustiko batekin amaitu dute diskoaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Kontzertu akustiko batekin amaitu dute diskoaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Fermin Muguruza da ‘Tania Tank’ diskoaren ekoizle eta argitaratzailea eta A Fuego Negroko aurkezpenean presente egon da, baita taldekideak ere: Fermin Bouza (gitarrak, sintetizadoreak eta koroak), Maitane Alonso (baxua) eta Ander Del Sol (bateria).

Tolosako Bonberenean grabatu dute. Tania de Sousak grabazio prozesuaren berri eman zigun NAIZen, propio sortutako blogean.

Aurretik, The Dispositives taldean ibilia da Tania (baxua ere talde horretatik dator). Talde horren kontzertu batera joan zen Fermin eta han ezagutu zuten elkar.

«Ezbehar baten ondorioz» Zuloak proiektuko abeslaria aldatu behar izan zuten eta Ferminek Taniari proposatu zion. Hor hasi zen harremana.

Zuloaken ostean Taniak maiz aipatu ohi zion bakarkako bideari ekin nahi ziola eta Ferminek horretara bultzatu zuen. «Nere kantuak egiteko gogoa nuen. Taldeak demokratikoak izaten dira, denen iritzia hartu behar da kontuan eta ez zaude beti gustura emaitzarekin», esan du.

Bere estiloa bilatzeari ekin eta Fermini proposatu zion ekoizlea izatea; honek baiezkoa eman zion.

«Apur bat denetik»

Musikaren aldetik, «apur bat denetik» jorratzen dutela aipatu dute, popa, rocka, punka, soula… Ferminek Taniaren «estilo berezia» goraipatu du eta bere ahotsa «sumendien pareko» dela esan du. Hitzei dagokionez, Taniak esan du «batik bat maitasunaz eta barruko introspektibaz» idatzi duela, eta Ferminek gaineratu du: «Taniak amodioaz hitz egiten duenean, horrez baino gehiago hitz egiten du; desamodioaz, zulo existentzialaz, lotsaz, erruaren zamaz, antsietateaz… Baita hori dena garaitu eta aurrera eramateaz ere».

Taniaren bakarkako lehen diskoa da hainbat musikari ezagunen kolaborazioak dude: Xabi Solano, Maite Mursego, Mikel Azpiroz, Koldo Soret, Ferminekin aritzen den haize intrumentuen taldea (Jontron, Lonbi eta Fino) eta Fermin bera.

Diskoak 12 abesti ditu. ‘Talka’ abestia Ferminek egin du.

Aurkezpena kontzertu akustiko batekin amaitu da.

Lehen kontzertua ostiralean emango dute Intxaurrondoko Kultur Etxean 21.00etan. Kasernarat taldeak ere parte hartuko du kontzertuan (Taniaren bateria eta Kasernaratekoa berdina da). Kontzertuan izango dira Maite Mursego, Koldo Soret eta Xabi Solano musikariak, baita Fermin (abesti batean parte hartuko omen du) eta berarekin aritzen den haize instrumentuen taldea ere.