NAIZ
DONOSTIA

Kutxaren inguruko Aldundiaren proposamena txalotu dute pribatizazioaren aurkakoek

Kutxaren kontrol publikoa bermatzeko Gipuzkoako Aldundiak eginiko proposamena «norabide egokian» doala ziurtatu du Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformak. Helburuak lortzearren lanean jarraituko dutela baieztatu dute taldea osatzen duten eragileek.

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformako kideen agerraldia. (ELA SINDIKATUA)
Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformako kideen agerraldia. (ELA SINDIKATUA)

«Euskal Kutxen likidaziorako atzerako kontaketa ez da eten», baieztatu du sindikatu eta eragile sozialek osatzen duten Kutxabanken pribatizazioaren kontrako plataformak.

Azaldu dutenez, «pribatizazioaren aitzindariek» Gipuzkoako Batzar Nagusietan banku-fundazioetako patronoak izendatzeko «antzezpena» egin ondoren, hilaren 25ean administrazio kontseiluaren txanda izango da, eta urrian, batzarrena.

«Behin kutxak likidatuz gero, bidea libre izango dute euskal aurrezkiak eta Euskal Herriko milaka pertsonak urte askotan Kutxabanken esku jarritako aktiboak bankuen eta espekulatzaileen eskuetara pasa daitezen», salatu dute.

Euskal jendarteari bere aurrezkiak nola inbertitu eta hauen etekinak nork jasoko dituen aztertu, eztabaidatu eta erabakitzeko aukera galarazi diotela gogor gaitzetsu du plataformak.

«EAJk, PPk eta PSEk eztabaida saihestu egin dute, erabakia hartuta zeukatelako», azpimarratu dute, eta gaineratu alderdiok ez direla gai izan «argudio politiko, sozial edo ekonomiko bat bera ere emateko pribatizazioa jendartearentzat ona dela frogatzeko».

Hori dela-eta plataformako kideek aldarrikatu dute orain arte abian izan den prozesuan atzera egin beharra dagoela, «taxuzko eztabaida publiko» bati ekiteko.

«Denbora nahikoa dago, borondate politikoa badago, bederen», esan dute.

Aldundiak Kutxaren inguruan egindako proposamena txalotu eta zenbait lan ildo jarri dituzte mahai gainean: izaera publiko eta soziala bitarteko guztiak erabiliz defenditzea, fundazioen esku dauden akzioak euskal erakundeei uztea, akzioak kapital pribatuari ez saltzea eta euskal finantza sistema publiko bat garatzeko marko arauemaile bat adostea, besteak beste.