NAIZ
ESTRASBURGO

Jean-Claude Juncker buru duen Europako Batzordeari ari berdea eman dio Legebiltzarrak

Europako Legebiltzarrak argi berdea eman dio Jean-Claude Juncker buru izango duen Europako Batzordeari. Azaroaren 1ean hartuko du Jose Manuel Durao Barrosoren tokia.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko lehendakari berria, Legebiltzarrean eskaini duen hitzaldian. (Frederick FLORIN/AFP)
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko lehendakari berria, Legebiltzarrean eskaini duen hitzaldian. (Frederick FLORIN/AFP)

Datozen bost urteotan Europa gidatuko duen Batzordeak Legebiltzarraren onespena jaso du, gehiengo zabalez: aldeko 423 boto eskuratu ditu, 209 ezezko eta 67 abstentzio. Guztira 699 boto eman dituzte. Europako PPren taldeak, sozialisten gehiengoak eta liberalek babestu dute Jean-Claude Juncker kontserbadorea buru izango duen Batzordea, baita EAJko diputatu Izaskun Bilbaok ere. Berdeek eta GUE-NGL taldeko diputatuek, tartean EH Bilduko Josu Juaristik, aurkako boza eman dute, baita euroeszeptikoek ere.

Junckerrek azaroaren 1ean hartuko du Jose Manuel Durao Barrosoren tokia Europako Batzordeko Lehendakaritzan. Lehen lehendakariordea Frans Timmermans sozialista nederlandarra izango da, aldi berean Garapen Jasangarriko komisarioa.

Tibor Navracsics hungariarrak Hezkuntza, Kultura eta Kirol ardura izango du, eta Dimitris Avramopoulos greziarra Immigrazio eta Barne komisarioa izango da. Miguel Arias Cañete espainiarra, berriz, Energia eta Aldaketa Klimatikoko arduradun izango da.

Presidente berriak 300.000 euroko inbertsio plana iragarri du eta urte bukaera baino lehen aurkeztuko duela esan du. Helburu nagusia langabeziari aurre egitea izango dela esan du baina ez du xehetasunik eman nola finantzatuko den.