naiz
ziburu

Kaskarotenearen aurkako isuna eguneko 400 eurokoa izatea eskatu du Ziburuko auzapezak

Ziburuko auzapezak auzitara jo du berriro Kaskarotenea ikastolaren auziarekin. Seaskak jakitera eman duenez, Paueko administrazio auzitegian salaketa berria ezarri du, ikastolaren aurkako eguneko isuna 400 eurokoa izan dadila eskatuz.

Kaskarotenea ikastolaren irudia. (Sylvain SENCRISTO)
Kaskarotenea ikastolaren irudia. (Sylvain SENCRISTO)

Iragan astean ordaindu zuen Seaskak 4.073,30 eurotako isuna Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aferaren baitan. Orain arte, auzapezak eguneko 100 euroko isuna ezarria zion ikastolari baina, Seaskak jakitera eman duenez, auzibide berri bati ekin dio Guy Poulou auzapezak. Paueko administrazio auzitegian salaketa berri bat ezarri du, ikastolaren kontrako 100 euroko isuna 400ekoa izan dadila eskatuz.

«Guy Poulouren jokamoldea argia da. Batetik, presiobide guztiak erabiltzen ditu ikastola dagoen tokitik kanporatzeko, baina une berean aterabidea oztopatzen du Sokoako lurra gure esku uztea galerazirik, Jules Ferry egun hutsik dagoen eskola ohiaren egoitzak debekaturik, edo Ithurri Baita gunean instalatzea galerazirik, nahiz eta gune hau abandonatua izan», esan du Seaskak ohar batean.

Auzapezari, baina, mezu argia helarazi dio. «Ez Poulou jauna, nahiz eta bi eta lau urte bitarteko haurrak, haien irakasle eta laguntzailea kanporatzeko polizi indarrak bidaliko dituzula mehatxatu, nahiz eta haurrak urik, berogailurik eta argindarrik gabe utziko dituzula mehatxatu, nahiz eta beste behin ere ikastola itotzeko mehatxua egin, ez duzu lortuko Ziburuko Kaskarotenea ikastola hestea».

Ildo horretan, datorren ostiralean prentsaurrekoa bat eskainiko dutela iragarri dute, euskalgintza, kulturgintza eta gizarte eragileen sostengua adierazteko.