Xole ARAMENDI
DONOSTIA

Narrazio liburu batekin hautsi du hamabost urteko isilunea Jabier Muguruzak

Hamabost urte ziren helduentzako libururik argitara ematen ez zuela, 1999ean ‘Laura kanpoan dago’ kaleratu zuenetik. Beste ipuin liburu batekin dator orain. ‘Hilen logika ezkutua’ (Erein) liburuan hamasei narrazio bildu ditu, Muguruzak ohikoa duenez, arnas laburrekoak.

Jabier Muguruza, ‘Hilen logika ezkutua’ liburuarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Jabier Muguruza, ‘Hilen logika ezkutua’ liburuarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Hamabost urte iraun duen isilaldiaz gogoeta egiterakoan bi arrazoi posible adierazi ditu Muguruzak. «Baliteke konfiantza puntua falta izatea idazterakoan, musika sortzerakoan ez bezala», aitortu du.

Bada besterik. «Publiko helduarentzat idazteak jarrera jakin bat eskatzen dizu bizitzan, beti erne egon beharra, eta hori nekagarria da oso. Umeentzat idatziz gero ez dut sumatzen hainbesteko presiorik, baina helduentzat lan egiterakoan zure jarrerak obsesibo samarra izan behar du, inguratzen zaituenari beti adi, eta ondo bizitzeko ez da jarrera onuragarria», argitu du.

Idaztera zerk bultzatzen duen azaltzerakoan, zera adierazi du gaurko aurkezpeenan: «Mundu erabat kafkiano honetan kantu eta istorio laburren bidez izpi xume batzuk eskaintzen saiatzen naiz ni. Izpi xume horiek laguntzen didate errealitatea hobeto ulertzen eta tira, panorama dagoen bezala, segur aski ez da gutxi».