NAIZ
Ziburu

Seaskak Ziburuko ikastolari ezarritako 4.370,30 euroko isuna ordaindu du dagoeneko

Seaskak ordaindu du, jada, Ziburuko Kaskarotenea ikastolari ezarritako 4.370,30 euroko isuna. Egungo lekuan jarraitzeagatik eguneko ezarritako 100 euroko zigorrari dagokio kopuruak. «Pagatu eta, orain ikusi behar dugu zein jarrera hartzen duten», esan du Hur Gorostiagak. Datorren astelehenean ura eta argia moztuko dizkiola ikastolari mehatxu egin du Herriko Etxeak.

Ziburuko ikastolako gela. (Bob EDME)
Ziburuko ikastolako gela. (Bob EDME)

Kazeta.infok iragarri du Seaskak bideratu duela Ziburuko Kaskarotenea ikastolari ezarritako isunaren ordainketa. «4.370,30 euroko txekea, epea bukatzen zen egunean bertan bidali dugu uxerrari», adierazi du Hur Gorostiagak, Seaskako idazkariak. Idazkari judizialak isun hori Paxkal Indo presidenteari helarazi zion urriaren 17an, ikastolak egungo lekuan jarraitzeagatik eguneko ordaindu beharra duen 100 euroko zigorrari dagokio. 

«Pagatu da, eta orain ikusi behar dugu zein jarrera hartzen duten», esan du Gorostiagak. Izan ere, pasa den astean polizia bidaltzeko prest ere agertu zen Guy Poulou alkatea, eta beste mehatxu bat datorren astelehenean gauzatu ahal da. Izan ere, Herriko Etxeak azaroaren 3an argi indarra eta ura moztuko dizkiola ikastolari iragarri zuen.

Manifestazioa azaroaren 8an

Ziburuko ikastolaren arduradunek proposamen ezberdinak egin dizkiote Poulou alkateari baina honek denei ezetz erantzun die. Seaskak, Ziburuko ikastolaren arduradunek eta Ikastolen Elkarteak azaroaren 8rako manifestazioa deitu dute Udalaren jarrerari aurre egin ahal izateko. Manifestazioa 16.00etan abiatuko da Ziburuko Pilota plazatik.