NAIZ
Lekeitio

Inoizko parte hartze handiena, Lekeitioko Euskal Zine Bileran

59 filma aurkeztu dituzte Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 37. ediziora, horietako 48 aukeratu ditu hautespen batzordeak eta lehian izango dira azaroaren 23tik 29ra; lan profesionalak 18 dira eta 30 amateurrak. Azken eguna euskal zinemagintzaren inguruko jardunaldi batez osatuko dute aurten.

Bilera izaera indartuta eta inoizko filma kopuru handienarekin dator Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 37. edizioa. 59 filma aurkeztu dituzte egileek jaialdira eta hautespen batzordeak 48 aukeratu ditu azaroaren 23tik 29a bitarte ospatuko den lehiaketarako, 30 amateur eta 18 profesional. 24 lan bizkaitar izango dira lehian, 17 gipuzkoar, 3 arabar, 2 lapurtar eta bana Nafarroa Garaia eta Beheretik.

Filmez gain topaketa honen izaeran aurrera pausua ere eman dute antolatzaileek eta azken egunean euskal zinemagintzaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte. «Euskal zinearen kaia izan nahi genuela adierazi genuen», diote antolatzaileek, «lehiaketa izateaz gain, bileraren alderdia indartu behar duela».

Epaimahaia eta sariak

Euskal zinemagintza bertatik bertara ezagutzen duen boskotea izendatu dute epaimahai lanak egiteko. Juan Bautista Berastegi pasaitarra, Edurne Gonzalez sestaoarra, Ramon Agirre donostiarra, Mikel Losada ermuarra eta Kontxa Elorza barakaldoarra izango dira.

Lehiaketa bi kategoriatan bereiztuko da, betiko moduan, lan profesionalak batetik, amateurrak bestetik. Bakoitzean Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia sarituko dira. Horiez gain Filma Onenaren saria eta Gazte 22 saria ere emango dituzte kategoria bakoitzean. Sari berri bat ere iragarri dute, Antzar Morea izenarekin Lekeitioko Udaleko Berdintasun batzordeak genero ikuspegia ondoen txertatzen duen lana sarituko baitu.