@arianekamio
Durango

Okzitania izango da Azokako gonbidatu nagusia eta Anuntxi Aranak jasoko du Argizaiola

Inoizko parte hartzerik handiena izango du aurten Durangoko Azokak. 700 boluntario, 245 salmahai, 150 ekitaldi eta 500 sortzaile izango dira.

Durangoko Azokaren aurkezpen nagusia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Durangoko Azokaren aurkezpen nagusia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Durangoko Disko eta Liburu Azoka gain gainean da eta, Gerediagako lehendakari Nerea Mujikak adierazi moduan, «tximeletak dagoeneko dantzan jarri zaizkigu». Apenas bi aste geratzen dira Landako Guneak euskal kulturzaleei ateak zabaltzeko eta aurtengoan ere bisitarien uholdea espero da, «bakoitzak bere neurrira egindako ibilbidea hautatu ahal izango duelako».

Plateruenean ezarri dute hitzordua eta iragartzeke zeuden atal nagusiak jakinarazi dituzte: Argizaiola eta aurtengo gonbidatu nagusia.

Argizaiola Anuntxi Aranak jasoko du abenduaren 6an Sanagustin Kulturgunean Oier Gillanen gidaritzapean egingo den ekitaldian. Antropologia alorrean eta Ipar Euskal Herriko mitologia ardatz hartuta egindako lana sarituko da.

Bestetik, aurtengo herrialde gonbidatua Okzitania izango da eta Azokak bere hizkuntza eta literaturara hurbildu eta hobeto ezagutzeko balioko du.

Durangoko Azoka inoizko parte-hartzaileena izango da aurten. 500 sortzaile baino gehiagoren lanak bilduko ditu 245 salmahaitan. 150 ekitaldi guztira, eta 700 boluntario lanean. Autoekoizpenek, gainera, garrantzi berezia izango dute.

Aurrekontuari dagokionez, iazkoaren antzekoa izango da aurtengoa, 620.000 euro ingurukoa eta pasa den edizioan ez bezala, zorrik ez izatea izango da helburuetako bat.